Ezer ez egitearen plazera

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2012ko ira. 17a, 09:06

Gaizka Amondarain

 

Komun-zuloan eseri naiz, barruak hustu bitartean burua aseko nauen ideiaren batekin betetzeko esperantzaz. Sofan egin dut etzanaldia gero, behatz biluziak mugitu ditut banaka, bizirik nago eta ez da gutxi. Azazkalak moztea komeni zait agian, haize apur bat hartzeak ere ez lidake kalterik egingo.
Giltzak hartu eta telefonoa sakelan sartuta irten naiz etxetik. Telefonoa beti aldean eraman beharra baitago lanik ez daukazunean, ez dakit non dagoen idatzita baina horrela da. Bidea apur bat luzatzeagatik, San Martinen dagoen Lanbideko bulegoetarainokoa egin dut, oin bat eta gero bestea, bilatzen ari naizena han aurkituko dudanaren konbikzioari jarraika, bizirik nagoela ziurtatzeko beste era bat da, lehenengo oin bat eta gero bestea.

 

Ezer ez egitearen plazerari buruzko ikastaroren bat baduzuen jakin nahi nuke. Ez dit lehenengoan ondoegi harrapatu. Lan gabe nagoela, aspertzen ikasi nahi dudala eta horretarako ikastaro batean izena eman nahiko nukeela, atrebentzia ez bada. Bi hizkuntzatan azaldu behar izan diot  afera. Eskaintzen diren ikastaroen zerrenda iragarkien taulan aurkituko dudala azaldu dit betaurrekodunak lehor, adarra jotzen ibiliko banintz bezala, aspertuta dagoena bera dela agerian utzi nahi duenaren utzikeriaz. Kolore eta adin guztietako pertsonez osaturiko harresi bat zeharkatu behar izan dut iragarkien taulara ailegatzeko, tartean ezagunen bat edo beste, denak urduri xamar, denak aspertuta usteltzearen beldurrez, salbatuko dituen zenbakia noiz ailegatuko zain. Izan ere, horrelakoetan konturatzen da bat zenbaki bat izateak suposatzen duen guztiaz. Ikastaroen zerrenda osoa aztertu dut arretaz, han ere ezer ez.

Askok kontrakoa pentsatu arren, ez baita erraza zerrenda luze batean idatzita dagoen zenbaki bat baino ez zarela konturatzea, ezer egin gabe egotea. Produkzioa existentziaren funtsa dela sinestarazi digun gizarte honetan, aspertzen denak ez dauka bizitzen jarraitzeko arrazoirik. Zer edo zer egin beharra dago beti. Ezer egin gabe egoteak ezinegona sortzen digu, sosegurik eza dakar. Gero eta gehiago dira inguruan ezer egin gabe egoteko zailtasunak dituzten pertsonak, gero eta gehiago zer egin ez dakitenean zerbait erostera irteten direnak, bikotearekin aspertzen hasiaz gero ume bat edukitzea erabakitzen dutenak, erretiroaren esperoan bizitza osoa eman ostean jubilatu eta depresioan erortzen direnak, asteburuetako aisialdia okupatzeko furgoneta bat nahiko luketenak... Gure bizitza antolatzeko beharra sentitzen dugu, okupatuta mantendu behar ditugu geure buruak uneoro.

Ikasturte hasiera honetan, aspertzeko eskubidea aldarrikatzen dut, ezer ez egitearen plazeraz disfrutatzen ikastea falta zaigu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide