Hezurrak

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2012ko uzt. 2a, 10:25

Gaizka Amondarain

Gerra bukatzen denean, irabazlea gerra bukatu dela ziurtatzeaz arduratzen da. Garaipena norena izan den argi utzi beharra dauka leku guztietan, kosta ahala kosta.

Paisaia urbanoan, sinbologia zehatz baten bidez, beraien hitzen eta beraien irudien nagusitasuna bilatzen du horretarako. Galtzaileetatik hezurrak baino ez zaizkigu geratzen, isilean ikasitako abesti eta olerkiren bat edo beste, belaunaldiz belaunaldi mantendutako amorru hori gehienez ere.

Hirurogeita hamabost urte bete dira, Gasteizko Santa Isabel hilerri ondoko pareta baten kontra frankistek Lauaxeta fusilatu zutenetik. Ekainaren 25 batez izan zen, goizeko bostak aldean. Frantziako zenbait kazetariri Condor legioak Gernikan eragindako sarraskiaren ondorenak erakusten ari zela, etsaiak atxilotu eta bi hilabetera, hemendik ez hain urruti. Emakume bati lotuta entzun omen zituen heriotzara eraman zuten tiro hotsak Esteban Urkiaga Barazak, gaur egun Boulevard-aren gerizpetan esnatzen den hiriko ezleku horietako batean. Emakumearen izena ez da inon ageri, ez dakigu zergatik atxilotu zuten, ez dakigu zer esan ote zion Lauaxetari hil aurreko minutu horietan, ze hizkuntzatan hitz egin zioten elkarri, nola estutu ziren haien gorputzak bata bestearen kontra babes eske fusilak beraiei begira zeudela ikustean, ez dakigu agur gutunen bat idazteko astirik eman ote zion, familiarik bazeukan, afiliatua ote zen, nor izan zuen gogoan azken momentura arte, begiak estali zizkioten, oihu egiteko adorerik bildu ote zuen amaieran, izan duen norbaitek gogoan bera aste honetan zehar.

Ezlekua da Lauaxetari bezala, berarekin batera heriotza ezagutu zuten galtzaile horiei guztiei hiri honek eskaini dien omenaldia 75 urte hauetan zehar. Espaloiaren ondoan galtzen den plaka txiki bat kasurik onenean, izenik eta aurpegirik gabeko heriotza emakumearen kasuan. Gerra bukatzen denean, galtzaileetatik hezurrak baino geratzen ez zaizkigulako, pareta batean margotutako izenen bat edo beste, emakume jaio zirenen kasuan hori ere ez. Gure hirian zehar bueltatxo bat ematea nahikoa da irabazleak nortzuk izan ziren jakiteko.

Horregatik da hain beharrezkoa galtzaileen memoria bizirik mantentzea, guk geure egiari zor dioguna ematea. Gerra bukatu zela onartzea, galtzaileen hezurrak desagerraraztea litzateke; garaipena berea zela argi uzteaz arduratu zenari, ia mende bat beranduago garaipena oparitzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago