Kronika

Euskarabenturak 2021eko espedizioari amaiera eman dio Aulestin

Erabiltzailearen aurpegia Euskarabentura 2021ko uzt. 26a, 11:41

Euskarabentura espedizioaren bigarren txanda Bidania-Goiatzen hasi zen, eta 60 gaztek gero arte esan diote elkarri Aulestin.

Uztailaren 16an heldu ziren jzioquitarrak txanda honetako lehen kanpalekura. Heltzean, elkar ezagutzeko dinamikak jorratu eta taldeak osatu zituzten bazkaldu aurretik, eta bazkalostean oihal-etxeak muntatu eta elkartekideek ongi etorria eman zieten gazteei. Euskarabenturaren sorrera, nola gauzatu zen lagun talde baten amets zoro hau eta proiektu honen atzean zenbat lan boluntario dagoen azaldu zieten elkartekideek.

Bigarren egunean, Bidania-Goiatzetik Ernio tontorrera igo eta gero, Tolosara jaitsi ziren jzioquitarrak. Zazpi orduko etaparen ostean, Tolosan bazkaldu zuten gazteek. Bazkalostean, Tolosan zehar paisaia linguistikoari buruzko hausnarketa egin zuten. Paisaia linguistikoa ingurune jakin baten idatzizko adierazpenek osatzen duten paisaia da. Herrian zehar ibili ziren mota honetako adierazpenen bila.

Aurreko etaparen ostean, deskantsua izan zuten jzioquitarrek. Goizean, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustapen zuzendaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia eta Agurtzane Zelaia Bidania-Goiatzeko alkatea etorri ziren kanpalekura. Mezu argia bidali zien jzioquitarrei: "Euskaraz bizi, gozatu eta sentitu".

Bazkalostean, Kike Amonarrizen hitzaldia izan zuten. Aurreko egunean, Tolosako paisaia linguistikoa aztertu zuten jzioquitarrek, eta horren inguruan hausnarketa egin zuten. Ondoren, euskarak munduan duen lekua azaldu zuen Kikek, batez ere, Europako beste hizkuntza gutxituen artean. Arratsaldean zehar jolas egokituak egin zituzten, ikusmen murriztua duten pertsonak nola bizi diren ulertu ahal izateko. Euskarabenturaren helburuetako bat aniztasuna sustatzea eta normalizatzea da, eta horren harira jorratzen dira dinamika hauek.

Gauean, Bulego taldeko Tomas eta Rubenek bisitatu zuten kanpalekua, kontzertutxo bat eskainiz. Kantu batetik bestera, jzioquitarrek galderak egiten zizkieten musika, euskara eta beraien ibilbideari buruz.

Uztailaren 19an, Arantzazutik Otzaurterako etapa izan zen. Arantzazutik San Adrianera izan zen lehen zatia. Behin San Adrianen, Aranzadi elkartekoek koba eta baselizari buruzko azalpenak eskaini zizkieten gazteei. Lizarrate izenez ere ezaguna, koba horrek Gipuzkoa eta Arabako bideak lotzen zituen Arlabango bidea egin arte, beraz, oso garrantzitsua izan zen bere garaian.

Ondoren, Otzaurtera jaitsi ziren jzioquitarrak. Bertan, autobusa hartu eta Zegamara joan ziren. Zegaman Urmugak eskainitako kontzertuaz disfrutatu ahal izan zuten.

 

Uztailaren 20an iritsi zen Euskarabentura Aulestira. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuak, Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak, Nora Sarasola BBK Fundazioaren Gizarte Ekintzako zuzendariak eta Ione Ansotegi Aulestiko alkateak ongi etorria eman zien jzioquitarrei.

Beatriz Artolazabal sailburuak eskerrak eman zizkien gazteei parte hartzeagatik, eta "euskara berreskuratzea egunero abentura bat" dela azpimarratu zuen. Lorea Bilbaok eskerrak eman zien gazteei Euskarabenturan parte hartzeagatik, eta antolatzaileak zoriondu zituen bizi dugun ezohiko egoera honetan Euskarabentura posible egiteagatik. Nora Sarasolak gazteei gogorarazi zien beraiengan dagoela euskararen eta gure gizartearen etorkizuna. Ione Ansotegik euskaraz ondo pasatzeko eta gozatzeko aholkua eman zien jzioquitarrei. Gauean, Kai Nakairen bisita izan zuten gazteek, eta kontzertuaz gozatzeaz gain, musika industriari, emakumeek arte eszenan duten tokiari eta euskarari buruzko galderak egin ahal izan zizkioten jzioquitarrek.

Bigarren egunean, Aulestitik Gernikara oinez joan ziren jzioquitarrak. Bidean, Santimamiñe eta Basondo bisitatu zituzten. Geldialdi hauek biziki interesgarriak izan ziren: lehena, goi paleolitikoko aztarnak daudelako eta Euskal Herriko animalia babesleku handienetarikoa delako. Behin Gernikan, Gernikako Arbola bisitatu eta lasaitzeko momentua izan zuten jzioquitarrek. Euskarabenturaren helburuetako bat da Euskal Herriko natura ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea; horregatik ematen diegu horrenbeste garrantzi honelako etapei, benetan aberasgarriak direlako.

Bi etapa izan zituzten jarraian txanda honetan. Bigarren hau, Iluntzar tontorrerako igoera izan zen, Aulesti ondoko mendi bat. Etapa hau "hizkuntza ekologiari" buruzko azalpenak emateko erabili dute xerpek. Hizkuntza guztien berdintasunetik abiaturik, hizkuntza bakoitzaren garapen jasangarria lortzea du helburu hizkuntza ekologiak. Ekologiaren ikuspegia hizkuntzetara ekartzen du, eta hizkuntza aniztasuna kudeatzeko eta euskara biziberritzeko paradigma berri gisara planteatzen da.

Arratsaldean, Euroeskualdeko teknikaria etorri zen, hainbat dinamikaren bidez Euroeskualdea zer den azaltzera. Akitania Berria eskualdeak, EAEk eta Nafarroako Foru Erkidegoak osatzen duten erakundea da. Mugaz gaindiko erakunde honek Lurralde Lankidetzako Europar Elkartea gisako izaera juridikoa du, eta eskualde hauek Europarekin harreman zuzena izatea ahalbidetzen du.

Ostiralean, Lekeitiora joatekoa zen espedizioa, baina eguraldia zela eta, larunbaterako utzi zuten txangoa. Aulestin geratu ziren eta ginkana bat prestatu zuten xerpek. Ikusirik larunbatean Lekeitiora zihoazela, ostiral arratsaldean prestatu zuten jzioquitarrek larunbat gaueko gala. Talde bakoitzak ikuskizun bat prestatu behar izan zuen galarako, dantza kantu edo antzerki estilokoa.

Larunbatean, Aulestitik Lekeitiorako irteera izan zuten gazteek. Bidegorria jarraituz, azken etapaz gozatzeko aukera bikaina eskaini zien eguraldiak. Karraspioko hondartzan (Mendexa) egin zuten geldialdia. Bainua hartu ostean bazkaldu egin zuten, eta, ondoren, denbora librea izan zuten. Arratsaldean, Lekeition zehar hainbat jolas antolatu zizkieten xerpek gazteei, eta buelta egiteko ordura arte jolasean aritu ziren.

Azken gauean, talde bakoitzak bere ikuskizuna aurkeztu zuen beste guztien aurrean. Zortzi taldeek bukatu ostean, ospakizun labur bat izan zuten jzioquitarrek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago