Kanpaldi formatua izango du aurten Euskarabenturak, uztailaren 2tik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Euskarabentura 2021ko eka. 23a, 13:16

2019ko espedizioaren argazki bat. / EUSKARABENTURA

Euskal Herriko zein diasporako 120 gaztek uztailaren 2an ekingo diote Euskarabenturari. Aurten, Done Jakue bideak jarraitzeari utzi eta hamar eguneko lau kanpalekutan antolatuko dira.

2020ko edizioa modu telematikoan ospatu eta aurrez aurreko formatua urtebete atzeratu ostean, hastear da Euskarabentura, 16 eta 17 urte bitarteko 120 gazte (jzioquitarrak) euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa.

Covid-19ak baldintzatutako edizio berezia izango da, noski. Izan ere, espedizioak Done Jakue bideak jarraitu ohi ditu aurreko edizioetan, baina osasun egoeraren arabera egokitu dute aurten: kanpaldi formatua izango du, hamar eguneko bi txandatan banatuko da, eta txanda bakoitza bi kanpamentu nagusitan kokatuko da, horietako bakoitza lurralde ezberdin batean.

Aurtengo edizioa ez da ibiltaria izango, baina gazteek Euskal Herriko txoko ugari ezagutzeko aukera izango dute. Lehen txanda uztailaren 2an hasiko da eta hilaren 11n bukatu; bigarrena, 16an hasi eta 25ean amaituko da. 

  • Lehen txanda: Zokoan (Lapurdi) eta, ondoren, Lekarozen (Nafarroa).
  • Bigarren txanda: Bidania-Goiatzen (Gipuzkoa) eta Aulestin (Bizkaia).

Urtero bezala, abentura aberasteko hitzaldi, mintegi, tailer eta ugari antolatu dituzte. Hainbat esparruko profesionalak aldiro-aldiro batuko dira espediziora, gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko: musikariak, aktoreak, bertsolariak, idazleak, kirolariak... Horien artean, Kike Amonarriz eta Asisko Urmeneta nabarmendu ditu antolakuntzak.

Jarraipen berezia

Espediziora joateko aukera izan ez dutenek hainbat aukera izango dute abentura jarraitzeko: sare sozialen bidez, @euskarabentura kontua jarraituz Facebook, Twitter eta Instagramen; internet bidez, euskarabentura.eus web orrialdean; edota EuskarAbentura app-aren bidez. Plataforma hauetara egunero igoko dituzte edukiak argazkiak, bideoak eta testigantzak.

Segurtasun neurriak

Osasun protokoloei buruzko formakuntza jasotzeko, ekainaren 12an batu zen Familia Urdina: koordinatzaileak, monitoreak, komunikazio taldea eta osasun taldea. Horri esker, espedizioko partaide guztien osasuna bermatzeko neurri guztiak hartuko dituzte. Gainera, PCR probak egingo dira espedizioaren txanda bakoitzaren aurretik, eta antigeno probak espedizioa hasten den egunean bertan, autobusera igo baino lehen.

Genero berdintasuna

Euskarabenturak genero berdintasuna sustatu eta horrekiko konpromisoa hartu nahi du, emakumeen ahalduntzea bideratzeko eta desberdinkeriak ezabatzeko. Horregatik, besteak beste, metodologia parte-hartzailea erabili eta ardura banaketa parekidea gauzatuko dute Familia Urdinaren barruan.

Horrekin batera, jzioquitarrengan ere, "rol tradizional hegemonikoen apurketa" bilatuko dute jardueretan, horren inguruko hausnarketa sustatuz; halaber, feminismoa ardatz izango duen mintegi bat ere proposatuko diete.

Zaborren kudeaketa

Azkenik, zaborren kudeaketari dagokionez, Euskarabentura espedizioaren filosofiari jarraiki, espedizioan zehar ahalik eta zabor gutxien sortzeko neurriak hartuko dituzte. Horretarako, Hondakinen Kudeaketaren Hierarkian (Europako zuzentaraua) ezarritako lehentasunak betetzea finkatu dute helburu gisa. Bestalde, banakako bakoitzak bere tresna berrerabilgarriak eramango ditu kanpalekuetara: plater, baso, sardeska, koilara eta laban bana, oihalezko bi poltsa, xaboi biodegradagarria eta hilerokorako materiala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago