Euskaraba Podcast

"Animatzen ditut euskaldun guztiak Common Voice ekimenean parte hartzera"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraba Ataria 2023ko abe. 22a, 13:42

Mozilla fundazioak Common Voice ekimena sortu zuen ahozko hizkuntza datutegi erraldoiak sortzeko. Librezale elkarteak gidatuta, euskarak ere bere leku dauka, Marko Txopiteak azaldu duenez.

Common Voice ekimenean 250 hizkuntza jasotzen dira, eta horietako bat da euskara. Teknologia berrietan euskarak leku duina eta aberatsa izatea da Gaitu ekimenaren helburua; eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak, Euskaltzaleen Topaguneak eta beste eragile batzuek bultzatutako kanpainaren bitartez, ahots euskaldun asko batzen dabiltza ekimenera.

Eginbeharrekoa erraza da: Gaitu.eus webgunera sartu eta han dauden esaldiak ahoz grabatu; eta, jarraian, beste batzuek grabatutako esaldiak balioztatu. Era berean, libreak diren testuak ere gehitu daitezke. Oso intuitiboa da, software librean egina, eta ez da ezer berezik behar: mikrofonoa daukan edozein gailurekin grabatu daiteke ingurune isil batean.

Gaitu kanpainak oso emaitza onak eman ditu. Common Voice plataforman dauden 205 hizkuntzetatik euskara da 13.a grabazio kopuruan, eta japoniera eta italiera aurreratuta dagoeneko.

Era berean, mota guztietako ahotsak behar dira, eta Librezale taldeko Marko Txopiteak dei berezia egin die emakumeei eta pertsona adindunei, horiek gutxiago daude eta. Izan ere, ekimenak parekidea eta dibertsoa izan nahi du, eta horren bidean dago.

"Gero eta ahots desberdin gehiago batu, hizkuntza ereduaren emaitza askoz sendoagoa eta kalitate hobeagokoa izango da. Horregatik, gonbidapena ahalik eta pertsona gehienek parte har dezaten", adierazi du Txopiteak. "Animatzen ditut euskaldun guztiak, baina bereziki emakumeak eta edadetuak parte hartzera, sistema erabiliko duten pertsona guztiak ondo ulertzeko".

Elkarrizketa hau EUSKARABAk argitaratu du eta bi proiektuen elkarlanari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago