Euskalgintzan luzaroan aritutako Andoni Llosa bizkaitar arabartuak bere betiko zaletasuna den natura hartu zuen ogibide duela hainbat urte. Natura interpretatzen laguntzeko eta horien euskarazko izendegia berreskuratzeko hainbat ekimen antolatzen ditu. Larunbat honetan, irailaren 16an, Natur ibilbidea: euskara landu udako hegaztiekin ekimena egingo dute Salburuko Atariatik abiatuta, Fauneando ekimeneko kideek gidatuta.
Irteera hegaztien behagintzan hasteko asmoa dutenei zuzenduta dago, eta baita horren gaineko jakin-mina dutenei ere. Lehenik eta behin azalpen teknikoak emango dizkiete, eta gero, prismatikoak jantzita eta gida liburuen laguntzarekin, irteera egingo dute hegaztiak identifikatu eta, bide batez, hegaztien euskal izenak ere ikasteko.
"Inguratzen gaituen naturako landare eta animali gutxiren izenak dakizkigu, eta ez bakarrik euskaraz. Gainera, oso gutxitan gara gai duten izenekin identifikatzeko. Orokorrean gaur egun gabezia handia dugu horretan", azaldu du Llosak.
Eman izena hemen.
Albiste hau EUSKARABAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.