Roberto Gonzalez de Viñaspre

"Toponimiak interes praktikoa du eta euskararen normalizazioarekin lotuta dago"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraba Ataria 2020ko mar. 4a, 19:16

Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain oso izendatu zuen Euskaltzaindiak 2018an.

2018ko otsailaren 23an izendatu zuen Euskaltzaindiak Roberto Gonzalez de Viñaspre (Bilbo, 1961) euskaltzain oso. Bilbon jaio arren, hiru hamarkadatan zehar Trebiñun bizi izan da eta hari eskaini dio bere lanaren eta ikerketaren zatirik handiena.

Toponimia historikoan aditua, lana, ikerketa eta ekintzailetza uztartu ditu. Trebiñuri bi argitalpen nagusi eskaini dizkio: Trebiño: Claves para un contencioso inacabado (Txalaparta, 1999), Trebiñuko auziaren ibilbide historikoa eta kokapena egiten dituena; eta Ibitaranzko bidaia: Trebiñuko konderriko ikasketa historikoak (Trebiñuko Konderriko Udala, 2012) Trebiñu hiribilduaren 850. urteurrenaren harira antolatu kongresuan jasotakoak biltzen dituena.

Euskaltzaindiaren izendapenaren harira, Gonzalez de Viñasprerekin egoteko aukera izan dugu.

Lehenik eta behin, zorionak izendapenarengatik eta jasotako aitorpenarengatik. 2019ko maiatzaren 4an irakurri zenuen euskaltzain oso izendapenaren sarrera-hitzaldia Trebiñuko Done Petri elizan.

Euskaltzaindiako kide eta lankideak, erakundeetako ordezkari ugari, edota Trebiñuko euskalgintzako eragileak bildu zituen ekitaldi hark, euskara erdigunean eta Trebiñun. Zer suposatu zuen zuretzat arlo profesional eta pertsonalean ekitaldi hark?

Alde pertsonaletik gogobetegarria izan zitzaidan iazko maiatzean Euskaltzaindiko sarrera-ekitaldia non eta Trebiñun egitea, hitzaldia trebiñarren aurrean irakurtzea, eta euskaraz. Euskaltzain oso izendatuari dagokio halako ekitaldia non egin nahi duen hautatzea, eta ez nuen horretan duda izpirik izan.

Bihotz-buruak agintzen zidan bizialdiaren erdia baino gehiago eman dudan lurrean egin beharra nuela. Horrekin batera, nire familia-erreferentzietan uztarturik dut Trebiñu Arabako Mendialdearekin –eta, oro har, Arabako hegoaldearekin–, bertakoak baititut erroak aitaren aldetik. Euskara ikasteko motibazioa gazterik sortu zitzaidan, eta Arabako arbaso haiek aho-mintzoan zerabilten euskararekiko jakin-minak piztu zidan. Nolakoa zen Trebiñun ez ezik Arabako Mendialdean ere hitz egiten zen euskara hura? Noiztsu galdu zen? Nire ikerkuntza-jardun handiena ildo horretan doa.

Leku-izenek informazio asko dute. Toponimia historikoa da galdera horiei erantzuten laguntzeko  tresna baliagarria. Araba osoko toponimia dut ikergai, eta, horren barruan, Trebiñukoak  toki berezia du niretzat. Horregatik guztiagatik erabaki nuen sarrera-ekitaldia Trebiñun izatea.

Nola egiten da lan interpretazioen eta egitateen artean? Bokazioa, obsesioa, hobbiea, zer da ikerketa onomastikoa zuretzat?

Toponimia ikertzea bokaziozkoa da nire kasuan. Zaletasuna da, ez lanbidea. Lehenago aipatu ditudanak dira horretara eraman nauten motiboak. Baina toponimiaren balioa ez da soilik antigoaleko jakingura moduko zerbait, ez da historiaren jakite hutsean agortzen. Interes praktiko nabaria du eta euskararen duintasunarekin eta normalizazioarekin estu lotuta dago.

Izan ere, toponimia kultura-ondarea da, belaunez belaun transmititua, eta zaindu beharrekoa. Horretarako, leku-izenak arautu behar dira eta ofizialdu. Historian zehar euskara desagertu izan den eremuetan –hala da Araba gehienean– euskarazko izenak desitxuratu egin dira sarri askotan, sortze-hizkuntza galdu izanaren ondorioz. Halakoetan forma osoak berreskuratu behar dira. Egiteko horretan ezinbestekoa da tokian tokiko dokumentazio historikoa aztertzea, euskara artean bizirik zegoen denboran herritarrek zerabiltzaten formak ezagutzeko.

Ebidentzia kontrastagarrietan oinarritu behar da arautze-lana, ez uste-iritzietan. Leku-izen arautu horiek mapetan, seinaleetan eta, oro har, idatziz baliatzea da xedea, baldin eta gaur egungo ahozko erabileratik gehiegi urruntzen ez badira. Hortaz, gakoa oreka aurkitzean datza.  Azken batean, kultura-ondarea babestearekin batera, leku-izenek gaur egun praktikoak eta erabilgarriak izaten jarraitu behar dute.

Trebiñun euskaraz egiten zela egiaztatzeko zein dira eta noizkoak dira lekukotasunak?

Toponimia berebiziko informazio iturria da euskararen geografia historikorako, hau da, non eta noiz hitz egiten zen euskaraz jakiteko. Izan ere, edonon eta edonoiz, tokian tokiko hiztunek jarri ohi diete izena hurbileko espazio fisikoko soroei, iturriei, muinoei… Jakina, izendatze hori nork berezko duen hizkuntzan egiten da. Ondorioz, leku-izenak euskarazkoak badira, bertako bizilagunak noizbait euskaldunak izan diren seinale.

Oro har, Trebiñu Konderriko toponimia historikoak garbi erakusten du XVIII. mendera arte nagusi direla euskarazko izenak, batipat erdi-ekialdean. Aldiz, datuek adierazten dute XVI. menderako galdua bide zela euskara Konderriko sartaldeko herri gehienetan, eta uste izatekoa da ordurako Trebiñu hiriburuan ere galdua zela.

Mendebal horretan dentsitate txikiagoa dute euskal izenek XVI. mendetik aurrera, eta, horrekin batera, dokumentazio historikoan sistematikoki itxuragabetzen hasten dira izen horiek. Errealitate horrek agerian uzten du zegoeneko tokian tokiko hiztunentzat ulertezin bilakatuak zirela euskal izenak. Beraz, belaunez belauneko transmisioa eten eta euskara komunikazio-sistema bezala galdu izanaren egiaztapen nabarmena da.

Zer faktorek eragin zuten Trebiñun euskararen desagerpena?

Joakin Jose Landazuri historialari arabarrak XVIII. mendearen bukaeran idatzi zuen kezkaz nola ari zen  Araban euskara ahitzen. Galera horren garaikide zen bera, zuzeneko lekuko alegia: "Se va extinguiendo el bascuence, pues los viejos hablan este idioma y sus hijos no lo entienden". Ordurako galdu berri samarra zen euskara Trebiñu Konderriko ekialdeko azken herrietan.

Landazurik berak zioen zein ziren, bere ustez, euskararen atzerakadaren bi arrazoi nagusiak: lehena, euskaraz ez zekiten edo euskaraz egitea gaitzesten zuten abadeak herrietan sartzea; bigarrena, gaztelaniadunekin nahitaezko eta ohiko harremana izatea. Arrazoi horiek berdin balio zezaketen Trebiñu Konderrirako.

Hala ere, bazen  hirugarren arrazoi bat, Landazurik aipatu ez arren, ondo dokumentatua: Carlos III-ren erregealdian aplikatutako hizkuntza-politika, nabarmenki 1768ko errege-zedula, lehen letretako irakaskuntza gaztelaniaz izatera behartzen zuena. Euskara eskolatik kanpora alboratua zen. Agustin Kardaberaz jesuitak kontatzen du 1761ean idatzitako Euskeraren berri onak liburuan Arabako kapitain baten kexua eskola-maisu batzuen jokaeraz:

"Nola Euskal Herrietan umeen haziera ona eta behar den dotrinarik izango da, baldin euskara hondatzeko ahalegin guziak egiten badira, eta gure mutiltxo edo haurrei beldur eta azoteekin euskeraz hitz egitea eragozten bazaie?". Ez dugu gaur-gaurkoz Trebiñu Konderriko berariazko testigantzarik, baina uste izatekoa da ez zela Arabako egoera orokorretik urruti izango.

Azken finean, orduko gizartean prestigio-gune behinenak ziren elizatik eta eskolatik zokoratua izateak euskararen beraren ospe-galtzea ekarri zuen, eta, estigma gisa ezarria, gurasoek eten zuten seme-alabei euskara transmititzea.

Zer eragin du euskararen ofizialtasun ezak Trebiñuko euskararen egoeran eta etorkizunerako garapenean?

Euskarak ez du  Gaztela eta Leongo Administrazioaren aldetik inolako aitortza ofizialik. Babesik gabeko errealitate linguistikoa da. Ukazio horren ondorio da estatistika ofizialetan euskaldunak (euskara bera) ikusezin bihurtzea.

Zorionez, Eusko Jaurlaritzak 2012ra arte egindako azterketa soziolinguistikoen emaitzak daude. Barrendegiko bi udalerrietako biztanleria osotik % 22 gara euskaldun, eta beste % 17k aitortzen du euskara ulertzen duela. Hala ere, ez dago azken zortzi urteetako daturik, eta hori kezkagarria da, Arabako hizkuntza-normalizazioaren esparrutik aldentzen duelako Trebiñu.

Barrendegiko bizilagunok bizimodu gehiena egiten dugu Araban, eta eskura ditugu euskarazko zerbitzuak. Eragozpen erantsia ere bada, noski, euskara ofiziala ez izatea. Argantzon ikastola da horren adierazle gardena, baina, kasu horretan ere adoreak eta kemenak erakusten dute bidea nondik urratu. Euskararen oraina eta geroa euskaldunon erantzukizuna da, ez beste inorena, Trebiñuko barrendegian eta Euskal Herri osoan.

Euskara erabili ala ez erabili, euskaraz bizi ala ez. Trebiñun euskara aitortza ofizialik ez izatea bidegabea eta mingarria da, baina bizia eta ahaltsua izatea gu guztion egitekoa da. Hori da funtsa, aitzakiarik gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago