(Berri hau Euskaraba atarian irakurri nahi duzu? Egin klik hemen!)
Hainbat berrikuntza izango ditu bigarren edizio honek. Beharbada, nagusiena, egitasmoaren xede-taldeetarako proposatu den aldaketa izan daiteke: norbanakoaren planotik kolektibora egingo da jauzi 2020an. Berria egunkariak egindako ondorengo bideo honetan argi eta garbi azaltzen da erronka berria zertan datzan:
Araban, beroketa-lanak
2019an ez da Euskaraldirik egingo, beraz; hala ere, horrek ez du esan nahi Euskaraldia presente egongo ez denik. Herrietako batzordeak berriz biltzeko, lanean hasteko eta aktibatzeko garaia da orain. Datorren ikasturtea giltzarria izango da, udazkenera begira egin beharreko prestaketa-lanak egiteko.
"Ulermenaren kultura" delakoa sustatu nahi du, besteak beste, Euskaraldia ekimenak. Horretarako tresna egokia izan zen 2018an Arabako Foru Aldundiak, Aztiker enpresaren laguntzarekin, argitaratutako “Arabako eta Gasteizko ulermenaren mapa”. Bada, 2019an beste bi mapa gehiago iritsiko dira: Gorbeialdeko eta Aiaraldeko Kuadrillek beren mapa propioak egin dituzte, eta laster izango dira ikusgai. Bertan daude jasota Kuadrilla bakoitzeko herritarrek euskara ulertzeko duten gaitasunari dagozkion zenbakiak, udalerrien eta adinaren arabera xehekatuta. Izan daitezela 2020ko ariketa sozialerako oinarri sendoa.