Aisialdian, euskara da marka eta erronka

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraba Ataria 2019ko uzt. 12a, 12:19

Ekainaren 8an hainbat lagun bildu ginen Gasteizen, aisialdiak euskara indarberritzen jokatu behar duen paperaz gogoeta egiteko.

 (Berri hau EUSKARABA atarian irakurri nahi duzu? Egin klik hemen!)

Igone Martinez de Lunak Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza aipatu zuen. Entitate bi horiek aritu dira antolaketan, baina AEZ Arabako Euskara Zerbitzuen proiektua izan da. GEU elkartearen laguntza izan dugu horretarako.

Topaketak kirol arloan egindako beste topaketa batetik hartu du izena. Aisialdian ere –kirolean bezala– euskara aisialdiaren “marka” edo “bereizgarri” izatea nahi dugulako, eta datozen urteetan erronka izango delako.

Paula Kasares eta Iñaki Eizmendi

Paula Kasaresek eta Iñaki Eizmendik testuinguru teorikoa jarri zioten jardunaldiari. Paula Kasares irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta hizkuntza-sozializazioari buruz egin du tesia. Iñaki Eizmendi gizarte hezitzailea da, eta hainbat egitasmo landu ditu euskararen erabileran eragiteko, aisialdian eta familian, batez ere.

Paula Kasares: Aisialdia, haur-gaztetxo euskaldunen hizkuntza sozializazioan

Familia eta eskolarekin batera, hizkuntza sozializazioak eragile gehiago ditu: jolastokia, plaza, herria zein gizartea. Haurra, horien bidez egingo da hizkuntza-komunitateko kide. Paularen ustez, familiaren, eskolaren eta aisialdiaren arteko loturak eta sinergiak sortu behar dira, hizkuntza-sozializazioan denon ahalegina optimizatzeko.

Aisialdiko eragileok horretaz jabetu behar gara, eta gure papera zein den ohartu.

Paula Casares aurkezpena

Iñaki Eizmendi: Hizkuntza sozializazioan aisialditik eragiten

Iñaki Eizmendiren ustez, egoera oso interesgarria da: haur eta gazteei buruz ari garela, ulermen unibertsaletatik oso gertu gaude. Adin batetik behera, arabar guztiok edo gehienok euskara ulertzen dute. Arazoa da, asko eta asko erraztasun gehiago dutela gaztelaniaz, euskaraz baino.

Alde horretatik, aisialdiak ekarpen interesgarriak egin ahal ditu:

  • Haur eta gazteei euskaraz jarduteko erraztasuna eman: erabileratik erraztasunera.
  • Haien ikuspegia aldatu: hizkuntzari buruz zein egoera soziolingustikoari buruz duten pertzepzioa aldatu, euskara harreman eta pertsona intergarriekin lotu, euren bizitzaren parte bihurtu…

Iñaki Eizmendi aurkezpena

Ondorio batzuk:

Ariketa txiki baten bidez, aisian euskararen erabilera indartzeko ekintzak egingarritasunaren eta garrantziaren arabera sailkatzea proposatu ziguten:  sustraia, enbora, adarra eta fruitua.

Sustraian, oinarri-oinarrizko erabakien artean honako hauek hautatu ziren:

  • Hizkuntza paisaia zaintzea. Izena, marka, irudi korporatiboa, ere bai.
  • Diagnostikoa egin. Zure egoera ezagutu: gaztelania hutsez dauden dokumentuak eta elementuak identifikatu, solaskide euskaldunak identifikatu
  • Begiraleei euskara-ziurtagiria eskatu.

Aurrerago, enborrean:

  • Formazio-beharrak zehaztea
  • Hizkuntzaren inguruko formazioa ematea
  • Sentsibilizazioa landu: kanpaina txikiak egin, lankideen artean konpromisoak hartzea elkarrekin euskaraz egiteko…

Eta azkenik, adarretan eta fruituetan:

  • Elkartearen, entitatearen kanpo harreman guztiak hasieran elebietan izango direla bermatu, eta urratsak eman nagusiki euskaraz izan daitezen.
  • Beharrezkoa da aisialdian euskara erabiltzeko espazio eta ekintza erakargarriak eskaintzea
  • Pausoak eman behar dira material guztia edo ia guztia euskaraz izateko
  • Euskara elkarte edo entitate barruko harreman-hizkuntza izan beharko litzateke: gure arteko harremanak euskaraz egin.

Erabat sailkatu gabe, puntu berriak ere jarri ziren mahai gainean:

  • Erakundeetatik erabaki batzuk hartu behar dira, urrats berriak emateko: bere programa guztietan hizkuntza irizpideak jarri, aisialdian euskararen erabilera bermatuko duten erabaki juridikoak hartu, bitartekoak mahai gainean jarri, eta aisialdian lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak duindu, besteak beste.

Zer iruditzen zaizue? Ados zaudete ondorio horiekin?

Arabako Plan Estrategikoa eta Euskara Sustatzeko Ekintza Plana

Amaitzeko Arabako Foru Aldundiaren plan estrategikoa eta Gasteizko Udalaren Euskara Sustatzeko Planaren baitan aisialdiaren inguruan jorratu nahi diren ildoak azaldu ziren.

Laburbilduz:

  • Aisialdi arloan lanean dihardugun eragileok elkar ezagutu behar dugu, eta elkarrekin bildu: gure kezkak, ideiak, proposamenak… partekatu.
  • Horretarako espazioak sortu behar ditugu eta lan egiteko modu berriak probatu.
  • Administrazioak ere etxeko lanak egin behar ditu: pausoak eman eta koherentzia gehiagorekin jokatu.

Eranskina 3

Egongo da, bada, gehiagotan biltzeko aukera. Izan ongi!

Hona hemen, bada, jardunaldiaren bideoa:

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago