Plataforma per la Llengua erakundearen zuzendaria da Neus Mestres. Orain hilabete eta erdi jaso genuen bere bisita, Gasteizko Udalak antolatutako Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen II. Topaketan (HIGA). Bertan, Oscar-Adria Ibañezekin batera, "Hizkuntzen biziberritzea baikortasunetik etorriko da, edo ez da etorriko" izenburudun hitzaldia eman zuen. Aukera baliatu genuen galde batzuk egiteko, eta elkarrizketa osoa dakargu orain Euskarabara: biziberritzeaz, baikortasunaz, gazteriaz, edo Plataforma per la Llenguan egiten duten lanaz, besteak beste.
Zuen hitzaldiaren tituluak –"Hizkuntzen biziberritzea baikortasunetik etorriko da, edo ez da etorriko"–, esan dezakegu jarrera estrategiko bat iradokitzen duela. Hizkuntzen biziberritzearen esparruan, ikuspegi baikorren falta nabaritzen duzue?
Biziberritze-prozesuak nahiko berriak dira, eta denak datoz hizkuntzaren erabileraren atzerakada eta ordezkapen linguistikoa nagusi diren garai batetik. Beraz, normala da, gutxitutako hizkuntzetako hiztun askok, hizkuntzaren biziberritze-lana oso zaila dela sentitzea. Hala ere, badakigu ez gaudela bakarrik, eta asko garela gure hizkuntzak besteak bezain duinak direla erabaki dugun hiztun-komunitateak. Munduari egiten diogun ekarpena hizkuntza horiek erabiltzen jarraitzea dela erabaki dugu, eta hori berri ona da denontzat. Katalanaren (eta beste hizkuntza askoren) kasuan, badakigu hiztun askok ez dituztela hizkuntzaren indargune pila bat ezagutzen: adibidez, mundu digitalean duen presentzia, edo mundu osoan katalana irakasten den unibertsitate-kopurua. Gutxietsi egiten gaituzte, eta horrek, noski, ez digu laguntzen. Baina hor dator zati estrategikoa. Zeinek du indarra kausa galdu batean izena emateko? Hori utzi, eta erabil ditzagun gure indarguneak: Zeinek pentsatuko zuen, XXI. mendean, bretoieraz edo katalanez bideo-jokoak sortuko zirenik? Zeinek pentsatuko zuen, hizkuntza horiek sekula erabili ez zituen jende askok orain erabili egin nahi dituela?
Elkarrizketa osoa irakurtzeko, jo EUSKARABA atarira:
https://euskaraba.eus/neus-mestres-munduari-egiten-diogun-ekarpena/