Datozen lau urteetarako Euskararen Plan Estrategiko berria landu dute Arabako hainbat eragilek

Erabiltzailearen aurpegia euskaraba 2018ko mai. 13a, 10:27

Berrogei lagun inguru bildu ziren lehen bilkuran. EUSKARABA

Berrogei agente inguru bildu dira Aldundia datozen 4 urteetarako (2018-2021) prestatzen ari den Arabarako Euskararen Plan Estrategiko berria lantzeko, berariaz eratu den Kontraste foroan.

Hurrengo hilabeteotan, Arabako Euskara Batzordeko kideek, hainbat esparrutako ordezkariek (familia, aisia, kirola, unibertsitatea, irakaskuntza, Osasuna, arlo sozioekonomikoa, administrazioa, kultura, IKTak…), eta talde politikoetako kideek ekarpenak egingo dizkiote  Arabako Euskara Zerbitzuak lantzen ari diren testuari. Helburua honakoa da: Arabako Foru Aldundiaren lidergoaren babesean eta Arabako Foru Zerbitzuekin lankidetzan, hiztunak eta hiztun-sareak aktibatu eta baldintzak sortu Araban euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko.

Planak  hainbat oinarri izango ditu. Alde batetik, lurralde-ikuspegia, Araba osoa eta Trebiñu kontuan hartuko dituena. Bestetik, lidergoa, elkarlana, koordinazioa eta partaidetza sustatzea oinarrizkoa izango da Araba eta Trebiñuko mota guztietako eragileen parte hartzea (barne- eta kanpo-eragileak) eta lankidetzak sustatzeko. Planak babes instituzionala izango du; izan ere, euskara hainbat alorretan txertatzeko neurriak hartuko ditu, gizartean zein administrazioan.

Era berean, planean eraginkortasuna, neurgarritasuna eta estrategia berriak landuko dira; ondorioz, helburuak erdiesteko baliabideak planaren izaerarekin bat etorriko dira. Bestalde, plana neurgarria izango da eta horretarako behar diren adierazeak ezarriko dira. Halaber, estrategia berriak erabiliko dira. Azkenik, planak duen erronka nagusietako bat hiztunen aktibazioa izango da. Arabako hiztun mota ezberdinak euskarara hurbiltzeko portaera aktiboak bultzatuko ditu erabilerara erakartzeko, sentsibilizazio hutsetik harago joanez.  Ekainaren 6an,  Kontraste foroaren bigarren ekitaldia egingo dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago