“Errementari filmari garai batean Araban hitz egiten zen euskararen traza ematea posible zela ikusi genuen”

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraba Ataria 2018ko urt. 17a, 13:45

Paul Urkijo gasteiztarraren Errementari filmean Arabako euskara hitz egiten dute. Gorka Lazkano filologoak pelikulan euskarak izan duen trataera berezia azaldu du.

Dagoeneko hasia dago filma ibilbidea egiten. Zer nolakoa izan da lehenengo jaialdietako harrera?

Lehen emanaldiak generoko jaialdietan izan dira, eta harrera oso ona izan da. Lehen emanaldia Sitgeseko nazioarteko jaialdian izan zen, urrian, eta blogari espezializatuen saria jaso zuen. Ondoren, Euskal Herrian estreinatu zen, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astean, eta lehen saria irabazi zuen. Orain arte publikoak harrera bikaina egin dio, eta kritika onak jaso ditu prentsa eta iritzi-emaile espezializatuen aldetik.

Euskaraz, zinearen bazter berriak urratzen. Zer garrantzia du hedadura nabarmena izango duen Errementari bezalako filmak euskaraz izateak?

Barrura begira, iruditzen zait aberasgarria dela maila honetan sekula jorratu gabeko genero bat modu erakargarrian egitea, bisualki oso potentea, istorio on batekin, beldur pixka bat, umore beltza… Euskarak, seduzituko badu, erreferente potenteak behar ditu, eta zinemak horretarako aukera eman dezake, musikak, antzerkiak, bideo-jolasek… bezala. Euskara modu atsegingarrian eskaintzeak eragin handiagoa du erabilerari buruzko mila sermoik baino. Kanpora begira, munduko bazter askotan euskara entzuteko aukera ere emango du, generoari lotutako zirkuluetan nik uste puntu berezia emango diola, gure parte bat gehiago ezagutaraziko duela… Baina niri, behintzat, kasu honetan ilusio handiagoa ematen dit etxe barrura egin dezakeen ekarpenak, zabaldu ditzakeen bideek.

 

Irakurri elkarrizketa osoa, EUSKARABA webgunean!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago