Euskaldunen aktibazio-proiektuak martxan: Aiaraldearen ordua heldu da!

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraba Ataria 2017ko aza. 2a, 13:55

Aiaraldeko Euskararen Kontseiluak 1.000 AHOBIZI eta 5.000 BELARRIPREST aktibatu nahi ditu, hilabetez.

Donostiako Egia auzoak eman zuen lehenengo pausoa, eta hainbat eta hainbat etorri dira atzetik. Euskaldunak aktibatzeko proiektuak biderkatu egin dira azken bi urteotan: azken finean, euskararen erabilerari bultzada bat emateko giltzarrietako bat ukitu duten egitasmoak dira, konpromiso zehatza eskatzen dutenak, eta horrek aire berri bat ekarri dio biziberritze-lanetan burubelarri ari den komunitateari.

Orain arte jarritako hainbat esperientziaren berri jakin nahi duenak, Donostiako Bagera euskara elkarteakorain gutxi argitaratutako “Aktibaziorako gida eta esperientzien bilduma” kontsultatzea besterik ez du. Baina soka ez da hor eten. Eta, oraingo honetan, Arabako eskualde batera zuzendu ditugu begirada guztiak:Aguraingo 75 orduak bizi izan genituen, eta baita Zuiako 42 orduak ere… Eta, orain, Aiaraldearen txanda iritsi da.

Aiaraldeko euskalgintzaren kontseiluak, eskualdeko 40 entitate baino gehiago biltzen dituen erakundeak, 30 EGUN EUSKARAZ ekimen anbizio handikoa jarri du martxan. Helburua zehatza da, zenbakitan jarri baitute:Lasarte Oriako Euskararen Maratoian erabilitako irudiak hartu, eta 1.000 AHOBIZI eta 5.000 BELARRIPREST aktibatu nahi dituzte.

Aiaraldeko hedadura geografikoa eta udalerri-kopurua kontuan hartuta, txandak antolatu dituzte: udalerri bakoitzeko ahobizi eta belarriprestek astebeteko (7 eguneko) konpromisoa hartuko dute programan parte hartzeko, eta, horrela, astez aste, Aiaralde osoko herritarrengana iritsiko da kanpaina.

Izena emateko moduari, txandei, eta bestelako kontuei buruzko informazio guztia, honako bi loturetan topatuko duzue:

Azaroaren 3an hasiko da lehenengo txanda, eta abenduaren 3ko euskararen nazioarteko egunean amaituko da egitasmoa. Animo, beraz, aiaraldearroi!

 

Artikulu hau EUSKARABA webgunean ikusi nahi duzu? Egin klik hemen!

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago