Arabako Foru Aldundiak laguntza lerro bat jarri du martxan euskaltegietako matrikulazioa errazteko. “Lortu nahi duguna da euskara ikastea nahi duten helduek, euskalduntzeko beren bidea urratzen hasi nahi dutenek, ahalik eta erraztasunik handienak izatea horretarako, bai eta meritu handikoa dela irizten diogun xede hori erdiestea eragotziko dieten eragozpenik ez izatea ere” azaldu du Igone Martínez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak; halaber, hau esan du: “erakundeen erantzukizuna da euskara erabiltzeko aukera ematea hizkuntza hori dakitenei, eta ez dakitenei aukerak ematea ikasteko”.
Aurrekontu ituna eta Arabako euskaltegiekin dagoen lankidetza oinarri, deialdi bat egingo da lortu nahi duena 2017-2018 ikasturtean A1, A2, B1 eta B2 mailetan matrikulatzen diren gure lurraldeko eta Trebiñuko 18 urtetik gorakoen euskalduntzea bultzatzea. 248tik 400 ordura arteko moduluetan izena ematen dutenei 75 euroko deskontua egingo zaie, 120 eurokoa 401etik 600 ordura arteko moduluetan izena ematen dutenei, eta 240 eurokoa ordu gehiagoko moduluetan izena ematen dutenei.
“Araban edo Trebiñun HABEk homologaturiko euskaltegiren batean A1, A2, B1 eta B2 mailetarikoren batean matrikulatzen diren pertsonentzat dira laguntzak, salbu eta administrazioko langileentzat, 2017ko ekainaren 28rako adindunak direnentzat, eta egun bererako Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko Konderrian erroldatuta daudenentzat”, esan du Martínez de Lunak.
Dirulaguntzaren eskaera orria euskaltegietan egongo da eskuragarri, edo, hala badagokio, www.araba.eus edo www.euskaraba.eusweb orrietan deskargatu ahalko da. Gaur irekiko da matrikulazio epea, eta irekita egongo da 2017ko irailaren 29era arte.