Euskaraba.eus, Arabako Euskara Zerbitzuen ataria, martxan da

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraba Ataria 2017ko uzt. 13a, 14:04

Garai batean Arabako Foru Aldundiak martxan jarritako 'euskaraba.eus' webgunea berritu, eta Arabako euskararen ataria izatetik, Arabako euskara zerbitzuen ataria izatera igaro da Euskaraba.

Arabako Euskara Zerbitzuok badugu gure ibilbidetxoa. Kuadrillaz kuadrilla, erakundez erakunde, euskararen biziberritze-lana planifikatzea, bideratzea eta gauzatzea da gure egitekoa. Horretarako, garrantzitsua da zerbitzu bakoitzak bere eragin-eremuan egiten duen lana, baina pareko garrantzia du elkarlanean aritzeak. Asko dira partekatzen ditugun helburuak, eta horiek lantzeko koordinazioa ezinbestekoa da. Koordinazio-lan horren fruitua dira azken urteotan martxan jarri ditugun egitasmo partekatuak.

Orain, gure berri, eta egiten dugunaren berri modu zuzenagoan emateko garaia iritsi dela uste dugu. Eta horregatik berritu dugu garai batean Arabako Foru Aldundiak martxan jarritako euskaraba.eus webgunea. Azken urteotan, euskalgintzak ez du atsedenik hartu Araban, eta gero eta presentzia handiagoa du sarean. Guneak, hedabideak, erreeferentziak dibertsifikatzeko garaia iritsi da. Arabako euskararen ataritik, Arabako Euskara Zerbitzuen ataria izatera igaro da EUSKARABA.

Hiru atal nagusi ditu gune honek, ikusiko duzunez:

  • Euskararen Foru Zerbitzua: Arabako Foru Aldundiko Euskararen Foru Zerbitzuaren aurkezpena, eta ematen dituen zerbitzuen katalogoa duzu bertan.
  • Arabako Euskara Zerbitzuak: Araban zehar, kuadrillaz kuadrilla eta udalez udal lanean ari diren euskara zerbitzuen aurkezpena, eta zerbitzuok modu koordinatuan martxan jarritako egitasmoen bilduma.
  • Berriak berri: euskara zerbitzuek martxan jarritako proiektuak, euskararen biziberritze-lanetan ari direnentzako datu interesgarriak, bestelako kronikak… aurkituko dituzu hemen, esparruka sailkatuta.

 

Ongi etorri, beraz. Zalantzarik, iradokizunik, bestelakorik, baduzu, gustura entzungo ditugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago