Martxan da Aguraingo Elkartasun Astea: erakusketa, zineforuma eta solasaldia autoritarismoen aurkako lan komunitarioari buruz

Erabiltzailearen aurpegia Euskadiko GGKEen Koordinakundea

Azaroaren 9tik 15era bitartean, lankidetzak eta elkartasunak hitzordua izango dute berriro Arabako Lautadan, Aguraingo Aste Solidarioaren edizio berri batean. Asteartetik igandera, erakusketa; eta larunbatean, zineforuma eta solasaldia.

Azaroaren 9tik 15era, lankidetzak eta elkartasunak hitzordua izango dute berriz ere Arabako Lautadan, Aguraingo Elkartasun Astearen edizio berri bati esker. Euskadiko GGKEen Koordinakundeak antolatzen du urtero, Aguraingo Udalarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin elkarlanean.

Arabako GGKEek Agurainen urtero antolatzen duten ekitaldiaren aurtengo gaia sare komunitarioek autoritarismoen gorakadaren aurrean egiten duten lana da, azaroaren 5ean Gasteizen egindako Gasteiz Konexioan jardunaldiaren XI. edizioaren ildo beretik.

Erakusketa abortatzeko eskubideari buruz

Aste osoan zehar, azaroaren 10etik 15era, asteartetik igandera, Zabalarten bisitatu ahal izango da Mugarik Gabe erakundeak sortutako erakusketa: Abortatzeko eskubidea, giza eskubide. Mundu mailako eskubide sexual eta erreproduktiboen errealitatea ikusaraztea eta abortatzeko eskubidea aldarrikatzea helburu duen erakusketa ibiltaria da.

Zineforuma: ugalketa eta abortatzeko eskubideak El Salvadorren

Aurten, Aguraingo Elkartasun Astearen bi ekintza nagusiak larunbatean, azaroaren 14an, izango dira, goizean zehar. 11:00etan zineforuma izango da, Beatriz abrió el camino dokumentalarekin, Mugarik Gaberen eskutik.

25 minutuko dokumentalak Beatrizen historia kontatzen du. Beatriz emakume gazte salvadortarra zen, eta 2013an haurdunaldia eteteko eskatu zuen, haurdunaldiak bere osasuna arrisku larrian jartzen zuelako eta fetuak bizitzarekin bateraezina zen gaitz bat zuelako. Dokumentalak abortu terapeutikoa izateko egin zuen borroka jasotzen du, El Salvadorren abortua erabat debekatuta eta zigortuta dagoen testuinguruan. Horrez gain, haren kasua nazioarteko erakundeetara eraman zuten erakunde feministek eta giza eskubideen aldeko erakundeek eskainitako laguntza eta babesa ere azaltzen ditu. Beatrizen historiaren bidez, dokumentalak haren ondarea berreskuratzen du, eta erakusten du nola bere kasua bihurtu zen ugalketa-eskubideen aldeko eta El Salvadorren abortua despenalizatzearen aldeko borrokaren erreferente.

Solasaldia: esperientziak autoritarismoen aurrean

Eta larunbatean ere, 12:00etatik aurrera, Mariate Quintero Ríos Aguraingo bizilagunak bideratutako solasaldi batean bilduko dira autoritarismoen aurkako lan komunitarioko hainbat esperientzia:

  • Aguraingo elkarteak: giza eskubideen defentsarekin lotutako komunitate ekimenak partekatuko dituzte.
  • Aranza Santos (El Salvador): trans emakume feminista, aktibista eta LGBTIQ+ giza eskubideen defendatzailea Latinoamerikan eta Kariben, Alejandria El Salvador Elkarte Kolektiboko presidentea, Genero Identitatearen Lege baten aldeko Mahai Iraunkorreko koordinatzailea, El Salvadorko Batzar Feministako kidea eta Ehgam Bilbo mugimenduko militantea. Proiektuak kudeatzen, monitoreatzen, ebaluatzen eta generoan oinarritutako indarkeriaren biktimei arreta ematen esperientzia du, baita ikerketa arloan ere, lan handia egiten baitu trans emakumeen eta pertsona queer eta ez bitarren osasun publikoa aldatzeko, ikuspegi intersekzionala emanez eta arreta integrala bermatuz.
  • Nazioarteko Elkartasuna: GGKEak Nikaraguan indarkeriaren biktimei arreta emateko emakume-sareekin egindako lana eta esperientzia partekatuko ditu. Bertan lanean ari den lankideak hartuko du parte.
  • Salburuko Harrera Sarea: Gasteizko Salburua auzoko elkartasun eta harrera sarea, batez ere, Malitik datozen asilo-eskatzaileei laguntzeko sortu da. Pertsona horiek kale egoeran daude, nazioarteko babeserako izapideak hasi bitartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago