Gasteiz Konexioan 2026: "Autoritarismoen gorakadaren aurrean, zer? Bidea kolektiboa da"

Erabiltzailearen aurpegia Euskadiko GGKEen Koordinakundea

Azaroaren 5ean, Gasteiz Konexioan jardunaldiak balioa emango dio autoritarismoen aurrean sare komunitarioek egiten duten lanari. Oraingoan, Leo Bueriberi, Aranza Santos, Hija del Nopal, Adurzaha Ehuntzen, Salburuko Harrera Sarea eta Hala Bedi izango dira ekitaldian.

Euskadiko GGKEen Koordinakundetik Gasteiz Konexioan jardunaldiaren XI ediziora gonbidatu nahi zaitugu. Arabako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen urteroko topaketaren helburua gasteiztarrek munduarekin duten lotura eta elkartasun globala balioestea da.

Azaroaren 5ean, ostegunean, 18:30etik aurrera Aldabe Gizarte Etxean, aurtengo edizioak balioa emango dio autoritarismoen aurrean sare komunitarioek egiten duten lanari, Autoritarismoen gorakadaren aurrean, zer? El camino es en colectivo lelopean.

Leo Bueriberi aktibista, komunikatzaile, DJ eta bakarrizketagileak aurkeztuko du ekitaldia.

Sarrera librea edukiera bete arte.

 

Hego Globaleko testigantza

Alde batetik, Begirada zabaltzen izeneko blokean, Hego Globaleko testigantza bat izango da, Aranza Santos El Salvadorko trans aktibista eta giza eskubideen defendatzailearen eskutik.

Santos trans emakume feminista salvadortarra da, LGBTIQ+ aktibista eta giza eskubideen defendatzailea Latinoamerikan eta Kariben, Alejandria El Salvador Elkarte Kolektiboko presidentea, Genero Identitatearen Lege baten aldeko Mahai Iraunkorreko koordinatzailea, El Salvadorko Batzar Feministako kidea eta Ehgam Bilbo mugimenduko militantea. Proiektuak kudeatzen, monitoreatzen, ebaluatzen eta generoan oinarritutako indarkeriaren biktimei arreta ematen esperientzia du, baita ikerketa arloan ere, lan handia egiten baitu trans emakumeen eta pertsona queer eta ez bitarren osasun publikoa aldatzeko, ikuspegi intersekzionala emanez eta arreta integrala bermatuz.

Tokiko esperientziak gorroto diskurtsoen aurrean

Bestalde, Gasteiz ez da geldirik geratzen / Gasteiz sarean blokeak sareko lan komunitarioaren arloko tokiko hainbat esperientzia bilduko ditu, autoritarismoen eta gorroto diskurtsoen aurrean egiten duten lana hobeto ezagutzeko:

  • Adurzaha Ehuntzen: Adurtza auzoko sare solidarioa.
  • Salburuko Harrera Sarea: Salburua auzoan sortutako bizilagunen sarea, migratzaileei eta asilo-eskatzaileei laguntza eta elkartasuna eskaintzeko; batez ere Malitik etorritako dozenaka pertsonarekin lan egiten dute.
  • Hala Bedi: Gasteizko eta Arabako irrati libre, autogestionatu eta komunitarioa.

Erresistentzia, memoria eta ospakizuna

Horrez gain, Gasteiz Konexioan jardunaldiaren edizio honek kultur proposamen oso interesgarri bat izango du ere. Musika izango da blokeen arteko ardatz nagusia, Hija del Nopal DJaren eskutik, erresistentzia, memoria eta ospakizunerako bere proposamenarekin.

Ikerketa eta hautaketa musikaleko lanaren bidez, leku eta garai askotako soinuak biltzen ditu, arreta berezia jarriz 1950eko eta 1990eko hamarkaden artean sortutako errepertorioetan. Abya Yalako kulturak ohoratzeko gonbidapena.

Erritmo bakoitzak antzinako memoria bat gordetzen du, eta dantza bakoitzak desjabetzeari eutsi dioten jakintzak bizirik mantentzen ditu. Cumbia antirrazista, saltsa dekoloniala, boogaloo, guaracha, mambo, reggaetoia…

Laguntzaileak: eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago