Gaur, Maider Etxebarriak eta Denis Itxasok Gasteiz tentsio handiko eremua izendatu dute gure hiria. Hainbat lerroburutan irakurri ahal izan dugun bezala, izendapenarekin batera alokairuen prezioa "mugatu" edota "jaitsi" ahal izango da. Hori diote, behintzat, neurria errezeta magiko bezala saldu nahi izan digutenek.
Egia oso bestelakoa da. Izan ere, alokairuen prezioa mugatu edota jaistetik urrun, neurriak prezioen igoera naturalizatu eta betikotzen du. Nola? Prezioak igotzeko indizea urtero eguneratuz. Gaur egun, %3koa da, eta urtetik urtera igotzen joango da. Hau da, igoera "kontrolatu" egiten da, baina ez da inolaz ere gelditzen. Era berean, azken urteetako igoera metatua iraultzeko ere ez du balio. Kontuan izan behar dugu alokairuaren prezioak %60ko igoera izan duela EAEn eta, Gasteizen, %21,2koa azken bost urteetan. Duela hamar urte 560 €-ko alokairua ordaintzen bagenuen, gaur egun 1083 €-koa da eta bost urte barru 1300€-koa izango da.
Gainera, prezioen mugak oso eragin esparru murritza izango duela aurreikusi daiteke. Hasteko, indarrean dauden kontratuei eta horien eguneratzeei ez die eragiten, eta, beraz, maizter gehienentzat ez da ezer aldatuko neurria onartu ondoren. Jabe handien kontratu berriei eta azken bost urteetan alokairuaren merkatutik kanpo egon diren etxebizitzei soilik aplikatzen zaie. Beraz, ez zaie aplikatzen jabe txikien kontratuei, nahiz eta EAEko eta Nafarroako alokairu merkatuko jabeen %86a izan.
Eta nola ez, jabeak jada hasi dira neurria ez aplikatzeko zirrikituak bilatzen. Izan ere, prezioen muga ez zaie aplikatzen sasoiko alokairu kontratuei. Modalitate hori %47 hazi da gure hirian azken bi urteetan, eta prezioen muga saihesteko balioko du, jabe handi zein txikiei. Horretaz gain, erreformak egin izanaren aitzakian, jabeek muga aplikatzeari ere iskin egin diezaiokete. Horma bat margotu eta alokairua 100 euro igoko dizut!
Laburbilduz, tentsio handiko eremuaren izendapenak ez du alokairuaren prezioaren igoera metatua iraultzen, prezioak ez dira jaisten eta bere eraginkortasun tartea oso mugatua da. Hala eta guztiz ere, zenbait alderdi triunfalista agertu dira neurri horrekin, etxebizitza krisia amaitzeko errezeta handi gisa aurkezten jarraitzen baitute.
Harrigarria da etxebizitza krisi sakon baten aurrean hartzen diren urgentziazko neurriek hain eragin erreal gutxi izatea. Are gehiago kontuan hartzen badugu tentsio handiko eremuen izendapenak berarekin dakarren beste harribitxia zera dela: diru publikoz finantzatutako ziklo eraikitzaile handi bat berrabiaraztea. Legea eraikuntza eta higiezinen enpresen neurrira egiten den bitartean, neurri kosmetikoekin entretenitzen gaituzte, fartsatik gehiago dutenak benetako konponbidetik baino.
Ixone Santamaria, Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.