Iritzia

Negu gorrian

Erabiltzailearen aurpegia Etxebizitza Sindikatua 2022ko urt. 11a, 18:51

Etxebizitza Sindikatuaren protesta, etxegabetze baten aurrean. / @EtxeSindikatua

"Etxerik ez izatea ez da salbuespena, baizik eta langile klase guztiak pairatzen duen jabetza gabeziaren kondizioaren muturreko adierazpena; guztiontzako mehatxua. Denok amaitu dezakegu kale gorrian, denok baikara desjabetu".

Kontatu didate Nueva York-en
Broadway eta 26 karrikaren kantoian,
Negu gorrian, gizon batek gabero
jendeari otoi eskatzen
aterbea bilatzen duela
bilutsirik daudenentzat.

-Bertolt Brecht, Gaberako aterbea, 1931.

Urtero, urtaro hotzean, etxegabeen gaia azaleratzen da. Baina negu gorria zentzu zabalagoan uler daiteke. Bizi dugun krisi testuinguruan, pauperizazio prozesu bat gertatzen ari da, non proletalgoaren bizi baldintzak are miserableagoak bilakatzen diren, oinarrizko ondasunak lortzeko zailtasunetan islatuz, batik bat. Gauzak horrela, etxerik ez duten pertsona geroz eta gehiago daude.

"Hau ez da gobernu konkretuen kudeatze politika txarraren ondorio, sistema kapitalistaren egiturazko arazoa baizik"

Etxegabeak gizartearen periferian dauden pertsona zorigaitzak bezala azaltzen dizkigute, kontrolatu ezin daitekeen fenomenoa, ausazkoa bailitzan. Ordea, dakigun bezala, hau ez da gobernu konkretuen kudeatze politika txarraren ondorio, sistema kapitalistaren egiturazko arazoa baizik; desorekak birproduzitzen dituen sistemaren adierazpen konkretua baizik.

Horregatik, bizi dugun krisi testuinguruan, proletarizazioaren fenomenoak garrantzi berezia hartzen du. Proletarizazioak langile klaseko sektore guztiak bizi baldintzen okertzearekin mehatxatzen ditu. Zentzu horretan, etxerik ez izatea ez da salbuespena, baizik eta langile klase guztiak pairatzen duen jabetza gabeziaren kondizioaren muturreko adierazpena; guztiontzako mehatxua. Denok amaitu dezakegu kale gorrian, denok baikara desjabetu.

Mundua ez da era hortan aldatzen
Gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen
zama-aroa ez da hola laburtzen
Baina gizon batzuek gau batez, ohea dute,
aterbean haize otzik ez eta
bereri zijoakien elurra, karrikan ari da.
Liburuaren irakaspenik ez ahaztu gizona!

-Bertolt Brecht, Gaberako aterbea, 1931.

Mikel Laboak abesturiko poemaren bigarren zatia ez da hasiera bezain entzuna, baina bertan datza mamia. Testuinguru latz honetan, ezinbestekoa zaigu arazoaren erroa ulertu eta seinalatzea eta, aldi berean, karitatezko diskurtso humanisten egiazko esanahia azaleratzea. Bada, gau batez aterpea ematearekin, zama-aroa ez da laburtzen, ez eta arazoa bera moralki errefusatzearekin ere.

Diskurtso humanista baliatuz, politika anti-proletarioak zabaltzen dituzte politikari profesionalek. Langile klasearen hainbat sektoreen begirunea irabazi nahi dute horrela, baina haien programa proletalgoaren interesekiko antagonikoa da. Inoiz nahikoak suertatzen ez diren neurriak ospatuz, pobrezia harreman sozial eta produktiboak aldatu gabe desagerrarazi daitekeen fenomeno gisara azaltzen dute; gestio politiko eskas batek indarturiko istripua.

"Diskurtso humanista baliatuz, politika anti-proletarioak zabaltzen dituzte politikari profesionalek"

Eta zergatik diot politikari profesional guztiek politika anti-proletarioak babesten dituztela? Zein funtzio dute ba arazoa konpondu edo arintzetik urrun dauden neurri horiek, proletalgoaren miseria kudeatzea ez bada? Eta zer da etxegabeen auzia kudeatzea? Bada, politika burgesa mehatxatu dezakeen ezinegon soziala desaktibatzea; alegia, proletalgoaren miseria gainditzeko egiazko potentzialitatea duen programa politikoa suntsitzea.

Askatasun unibertsalaren aldeko borrokan kokatzen garenok lehen lerroko eginkizuna dugu koiuntura latz honetan: politikari profesionalen fartsa seinalatu eta ofentsiba ekonomiko eta politiko honi aurre egin diezaiokeen indarra antolatzea. Horregatik, urtarrilaren 29an, Bilbon eta Iruñean ikusiko dugu elkar.

Unai Aristizabal, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kidea.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago