250 umek korrika egin dute Errotan, kultur aniztasunaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Errota Anitza 2017ko mai. 26a, 10:17

Hilaren 21ean, Errota auzoko Santo Domingo plazan, Errota Anitza umeentzako herri lasterketaren bigarren edizioa egin zuten.

Lasterketa Errota Anitza kolektiboak antolatzen du Errota Zaharra auzo elkartea, Aldabe Gizarte Etxeko Kale Heziketako programa eta Goian elkartearen laguntzarekin.

Igandeko lehenengo lasterketa 11:00 hasi zen arren, 10:30etatik ekintza batzuk hasiak ziren Santo Domingo plazan. Bost lasterketa egin ziren partehartzaileen adina kontuan hartuta. Guztira 2 eta 11 urteen arteko 250 ume baino gehiagok parte hartu zuten lasterketetan. Azkenengo lasterketa 12:30etan hasi zen eta honen ondoren auzoko zenbait dendak, tabernak eta elkartek prestatutako jakiak dastatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren auzokideek. Goi osoan zehar lasterkariak animatzeko zein antolatutako beste ekimenetan parte hartzeko 600 lagun baino gehiago bildu ziren Santo Domingo plazan. Munduko zenbait zonaldeko jaki tipikoen dastaketaren gain, txikientzako jolasak eta tailerrak ere egon ziren, haien artean txapak egiteko tailerra edo fruta-brotxetak pestatzekoa. Photocall bat jarri zen eta musika-animazioa ere Egon zen goiz osoan. Ekintza guztiak 14:00etan bukatu ziren.

Aipatzekoa izan zen auzokideek deialdiari eman zioten erantzun zabala eta auzoko eragile ezberdinek antolakuntza-lanetan izan zuten inplikazioa, bai aurreko asteetan bai egunean bertan: ekintza guztiak ondo atera ahal izateko plazan 50 boluntario baino gehiago lanean ibili ziren goiz osoan zehar eta auzoko hogei bat saltoki eta tabernaren laguntza eskuzabala ere oso garrantzitsua izan zen. Zenbait kultur elkartek eta auzoko eta inguruko eskoletako IGEek luzatutako babesa eta laguntza ere ezinbestekoak izan ziren ekimena gauzatu ahal izateko.

Errota Anitza auzokideen arteko harremanak sendotzeko eta interkulturalitatea sustatzeko asmoekin duela urte eta erdia jaio zen auzo-kolektiboa da. Errota Anitzak gurea bezalako kultura askotariko auzoek ahalbidetzen dituzten aukerak, abantailak eta onurak erreibindikatzen ditu eta egunerokotasunak ezartzen dituen mugak gainditu eta auzokideek elkar ezagutzeko eta auzoak duen kultur-aniztasunari esker elkarrengandik ikasteko tresnak sortzea du helburu nagusienetakoa. Azken urte eta erdi honetan Errota Anitzak Errota Zaharra auzo elkartearekin eta auzoko beste hainbat eragilerekin batera zenbait ekimen plazaratu du: Olentzero eta Mari Domingiren bisita auzora, Euskararen Eguna, “Tea Gure Artean” topaketa, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna, Jane-ren Ibilaldiak eta, noski, Errota Anitza umeentzako herri lasterketa (lehenengo edizioa 2016ko maiatzean burutu zen).

Ikusi argazki guztiak: Errota Anitza lasterketa 2017 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago