Santiago eguna, Kutxi kaleko taberna batean. Txiza egin behar dut. Emakumeen komuneko ilara kilometrikoa da; gizonena, aldiz, ia hutsik dago. Hara noa! Nire atzean beste bi emakume jarri dira, eta indartsu sentitzen gara. Orain arte, dena primeran. Gure arteko elkarrizketa sinplea da: bi komun hutsik badaude, zergatik itxaron behar dugu?
Orduan agertu da gizon unibertsala: gaztea, guapoa, heteroa eta gaztelania peto-petoan hitz egiten duena. "Perdona, guapa, este es el baÒo de hombres. Tienes que irte".
Bi aukera ditut: pedagogia egitea eta azaltzea generoa eraikuntza sozial bat dela eta ez zaiola ezer gertatuko gizon eta emakumeok komun berean txiza egiten badugu; edo, zuzenean, pikutara bidaltzea eta taberna erdian liskarra piztea. Bi aukerek sekulako nagia ematen didate. Beraz, hirugarren bide bat aukeratu dut: umorea.
"Barkatu, guapo, ni ez naiz emakume bat. Australopiteko bat naiz, eta historiaurreko izakientzako komunik ez dagoenez, honetan sartu naiz". Jakina, ez dio graziarik egin. Minduta sentitu da eta oihuka hasi zait: "Feminazi! Itsusia! Zu baino lehen pasatuko naiz!". "Itsusia" da nire irainik gustukoena, baina argi daukat ni baino lehen ez dela sartuko.
Borroka hasi da! Ilara berean nirekin zeuden emakumeei begiratu diet. Bakarrik utzi naute. Gizona guapoa da; haiek, heterosexual argalak; eta ni, liskarrerako gogoa duen ero bat besterik ez. Ilara bereko gizon batek, ordea, esan dit berarentzat ez dagoela inolako arazorik. 2026an gizonen eta emakumeen komunak bereizita egotea astakeria hutsa dela. Irabazteko aukerak ditut oraindik!
Orduan iritsi da txiza egin nahi duen guapoaren laguna, eta zera esan dio: "Tio, utzi. Arazo bat izan dezakezu. Horrelako tiparekin ez da sekula jakiten". Ez da sekula jakiten? Zer esan nahi du? Ai ama, guapoak salaketa faltsu baten beldurra dauka! Ez dakit zerk ematen didan pena handiagoa: lehertzear duen prostatak ala bere maskulinitate hauskorrak.
"Ez naiz emakume bat! Australopiteko bat naiz!", erantzun diot. "Zer da australopiteko bat?", galdetu dit. Gimnasioko gizon tontoena tokatu zait.
Borroka irabazi dut. Lehenago egin dut txiza.
Egin txiza gizonen komunetan, lagunok. Gasteizko jaietan bete daitezela emakumez gizonen komunak. Eta zuei, gizon lagunok: utzi tontakeriak egiteari. Bizitza dago gizonen komunetik harago ere. Eta, mesedez, egin txiza eserita!
Zuriñe Rodriguez.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.