Iritzia

Denak ez du balio

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Rodriguez 2026ko martxoaren 7a

Argazkia: FREEPIK

"Abokatu ona izan du Kurucsek, Elon Muskek izan zuen bera. Dirua eta legea ere bere alde"

Ziur nengoen azken urteetako borroka eta pedagogia feministak adostasun sozial batzuk lortu zituela, baina joan den astean konturatu nintzen ez dela horrela. Baskoniaren azken partidan erasotzaile bat babesteko egindako ekintza misoginoak izoztuta utzi ninduen.

Justizia arruntak ez duela beti benetako justizia ziurtatzen da adostasun horietako bat. Badakigu lege batzuek ez dietela bermerik ematen indarkeria matxistaren biktimei. AEBetakoak horietakoak dira. Prozesu judiziala zaila izaten da, eta biktima askok alde batera uzten dute edo erreparazioa ez dakarten akordioak onartu behar izaten dituzte. Hauxe da kasu horietako bat. Kontakizun ofizial bat ez baldin badago, biktima kategoria ukatzea oso arriskutsua da. Feminismoak ez digu hau irakatsi, Martxoaren 3ak erakutsi digu.

Kurucs erasotzailea da. Ez du indarkeria matxistagatiko epairik, baina bere kasua ez dago artxibatuta. Indarkeria matxistaren inguruko programa bat bete behar izan du, eta erasoa egon dela onartu. Abokatu ona izan du, Elon Muskek izan zuen bera. Dirua eta legea ere bere alde. Hala eta guztiz ere, ezin izan du frogatu errugabea denik. Ez al zaituzte horrek pentsaraztera eramaten?

Gizarteratzea posible eta desiragarria dela da dugun beste adostasunetako bat (feministok horretan sinisten dugu). Kasu honetan gizarteratzeko bermeak daude. Hau da, Kurucs ez dago isolatuta, ezta kantzelatuta ere. Lana eta bizitza normala ditu. Hori bai, egin zuena ez da desagertzen, eta noizean behin gogoratzea biktima erreparatzeko eta justizia egiteko ariketa bat besterik ez da.

Kurucs erasotzaile bat izan dela gogorarazi diguten pertsonak isilarazteko txalo egitea inpunitatea elikatzea da. Mina egiten digun kontakizun errealetik aldentzeko dugun modu koldarra da. Zer da lortzen duguna, ordea? Gaiztoak diren horiek onak bihurtzea. Borrero diren horiek biktima bakarrak izatea. Niri, ariketa honek estatuak Martxoaren 3ko biktimekin historikoki egin duena gogorarazten dit. Biktimen ahotsa izan behar da beti gure lehentasuna.

Aitortzen dizuet festa ospatu nahi zuenaren amorrua uler dezakedala, eta baita kopa bat irabaztera eraman gaituen jokalari batenganako maitasun sentimendua ere. Nik dena ulertzen dut, baina denak ez du balio. Martxoaren 8ko harrotasunak gainerako egunetan arduratsuak izatera behartzen gaitu. Pentsa dezagun biktimarengan, nola senti daitekeen ekintza horrekin. Beharrezkoa al zen? Jokalaria babesteaz harago, zeri egiten genion txalo?

Zuriñe Rodriguez.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago