Ekaina izugarri gustatzen zait. Nire urtebetetzea da, praka motzetan joaten naiz lanera, garagardo gehiago edaten dut, laneko txosten aspergarriak amaitzen ditut, eta lore eta landare berriak landatzen ditut. Azken hori da gehien gustatzen zaidana. Atzo egin nuen, eta beti gauza bera gertatzen zait: leihoa ireki, landare berriak balkoian jarri eta beheko bizilaguna oihuka hasi da: "Puta! Txerri bat zara!".
Nire beheko bizilaguna ergela da. Iritsi nintzenean, enpatikoa izaten saiatu nintzen. Hasieran zakarra eta oso hotza iruditzen zitzaidan, baina horrelako emakumeak gustuko ditut, beraz, aukera bat eman nion. Denborarekin konturatu nintzen faxista hutsa zela. Nire landareak berdin zaizkio; gorrotatzen duena nire bizitza da. Tamalez, nire geranio, petunia eta bugaindilekin ordaintzen du.
Gaur egun bakarrik bizi naizelako, eta iraganean emakume batekin bizi izan naizelako gorrotatzen nau. Etxe ondoko tabernako terrazan (marikoi bat jabe duena) lagunekin ardo asko edaten ditudalako ere gorrotatzen nau, txortan entzuten nauelako gorrotatzen nau, eta askotan ordu ez duinetan etxera itzultzen naizelako gorrotatzen nau.
"Landare berriak balkoian jarri eta beheko bizilaguna oihuka hasi da: Puta! Txerri bat zara!"
Noizbehinka korrespondentzia lapurtzen dit, zehazki, euskarazko aldizkariren bat iristen zaidan bakoitzean. Hamzanekin eta Meryamekin harreman handia dudalako gorrotatzen nau, baita ere. Haiek nire auzokideak dira, eta nire bizilagun fatxak mespretxuz begiratzen die eskaileretan. Behin, hauteslekuan aurkitu nuen eta, nola ez, boto fatxa ematen du.
Agurtzeari utzi diot. Amak esaten dit hain lotsagabea ez izateko, eta aitak fatxak ez direla agurtu behar. Zer da zuzenena? Eskaileretan fatxa bat edukitzea putada galanta da! Baina ziur nago zuetako askori ere gertatzen zaizuela.
Auzoetako jaiak hasten ari diren honetan, nik ez dut nire eskaileretako fatxarekin berbenan topo egin nahi. Baina, bera bertan egongo da, bere auzoa ere badelako. Auzoa nola eraiki eta gure bizilagunekin nola harremandu behar garen hitz egitea proposatzen dizuet. Baina ez dezagun soilik harreman politaz berba egin; eskailera lubaki bihurtu nahi dutenengandik bereizteko moduaz eztabaidatu dezagun ere. Hiriak ez dira ezer bere auzorik gabe, baina auzoak ere disputatu egin behar dira. Utz diezaiogun eskaileretako fatxak agurtzeari eta jarrai dezagun auzoak plazerez eraikitzen!
Zuriñe Rodriguez.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.