IRITZIA

Zer ari gara normalizatzen?

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Ortiz de Urbina 2026ko irailaren 1a

"Maider Etxebarria alkateak esan zuen jaiak ez zirela politikarekin nahastu behar". Argazkia: Ernai.

Badirudi batzuetan politika ikusezin bihurtzea dela politika egiteko modurik eraginkorrena. Espainolismoa normaltzat aurkezten denean, ez omen dago ezer politikorik.

Uda honetan, Gasteizko jaien buelta, galdera bat etorri zitzaidan burura: zer da politika, eta zer ez? Edo nork erabakitzen du zer den politikoki onargarria?

Maider Etxebarria alkateak esan zuen jaiak ez zirela politikarekin nahastu behar, Zeledonek Martxoaren 3a gogora ekarri zuenean eta txupinazoan herri mugimenduko eragileek gure aldarriak atera genituenean, besteak beste. Mezu argia zen: jaiak ez omen dira aldarrikapen politikoetarako lekua.

Baina aste batzuk lehenago, Etxebarria Espainiako selekzioaren kamiseta jantzita agertu zen prentsaurreko batean. Eta hor dago kontraesana. Kamiseta bat baino gehiago zen. Sinbolo bat, identitate bat. Inposatu nahi den proiektu politiko baten irudia. Orduan, zergatik ez zen hori politika?

Badirudi batzuetan politika ikusezin bihurtzea dela politika egiteko modurik eraginkorrena. Espainolismoa normaltzat aurkezten denean, ez omen dago ezer politikorik. Euskal Herria, gure memoria, gure hizkuntza edo gure burujabetza aipatzen ditugunean, ordea, berehala eskatzen da "politikarekin ez nahastea".

Ez gaitezen engainatu: gure kaleak ez dira inoiz neutroak izan. Ezta gure jaiak ere. Ezta kirola, hizkuntza, kultura edo eguneroko bizitza ere. Galdera ez da ea politika gure bizitzan dagoen ala ez. Galdera da noren politika gailentzen den, zein ideia hartzen diren normaltzat eta zeintzuk suertatzen zaizkien deserosoak.

Testuinguru hori ezin dugu bereizita ulertu munduan gertatzen ari denetik. Kapitalismoaren orain arteko eredua agortzen ari den unean, erreakzioa eta faxismoa indartzen ari dira. Euskal Herrian, gainera, prozesu horrek espainolismoaren indartzearekin lotura zuzena du. Baina ez gaude horretara kondenatuta. Euskal Herrian bada bestelako etorkizun baten aldeko indarra. Hamarkadetako borrokek erakutsi digute antolakuntzak, kaleak eta komunitateak errealitatea aldatzeko gaitasuna dutela.

Horregatik, Ernaik deitutako irailaren 13ko Donostiako manifestazioa ezin dugu hitzordu huts gisa ulertu. Une politiko baten isla da, Euskal Herriaren aldeko eta faxismoaren aurkako aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko aukera.

Eztabaida kalean dago. Eta kalea ez da neutroa. Gure esku dago Donostiako kaleak hartzea eta gure herriaren askatasunaren alde borrokatzea.

Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez!

Ekaitz Ortiz de Urbina
Ernaiko militantea

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago