Ez dira garai errazak euskal gazteriarentzat, ezta Gasteizko gazteontzat ere. Krisi garaian hazi eta bizi den belaunaldia gara. Horrek eragin zuzena du gure eguneroko bizitzan: gazteok hainbat lanpostu eta soldata baxuak izatera, emantzipatzeko ezintasunera, antsietate eta ondorio psikosozialak pairatzera... finean, prekarietatera kondenatuta gaude.
"Gazteok prekarietatera kondenatuta gaude"
Gainera, azken urteetan egoera horren areagotzea bizi izan dugu, hori guztia gazte izatearekin bat datorrela normalizatuz. Hala ere, argi dugu egoera hau sistema kapitalista zisheteropatriarkalak sorrarazi duela, eta gazteok horren normalizazioaren aurrean alternatiba eraiki eta borrokatu behar dugula etorkizun duin bat lortzeko.
Lan munduan baldintza prekarioenak gazteon gain erortzen dira: ordutegiei eta soldatari dagokionean, hainbat enplegu izatera behartuta ikusten dugu gure burua... Hau da, gazteok gara sistema kapitalistaren sostengu nagusietako bat. Gainera, egoera horren onarpena eta asimilazioa da ohikoena gazteon artean. Baldintza miserableak onartzen ditugu, gazte izateagatik bakarrik bizi behar ditugula sinetsarazi digutelako. Izan ere, lan prekarioetara jotzen dugu ez dugulako bizi espektatibarik. Ikusi besterik ez dago Gasteizko gazte gehienok non egiten dugun lan: ostalaritzan, zaintza lanetan (jantokiak, ludotekak, udalekuak...) edota klase partikularrak ematen. Gehienetan, kontratu formalik gabe. Horrez gain, gazteon esplotazioa bermatzeko eta etekin ekonomiko handiagoak lortze aldera, burgesiak gure lan eskubideen gaineko desinformazioa baliatzen du.
"Gure soldataren zati handiena alokairura bideratu behar dugu, beste beharrak bigarren maila batean geratuz"
Etxebizitzari dagokionez, gazteok emantzipatzeko aukera nagusiena alokairua dugu. Gure soldataren zati handiena alokairura bideratu behar dugu, beste beharrak bigarren maila batean geratuz. Horren adibide da emantzipatzeko adinaren igoera, non EAEko batez besteko adina 29,7 urtetan dagoen.
Gainera, egoeraren errudunak aski jakinak dira gure hirian: Ensanche 21 eta Blackstone espekulatzaile zein funts putreak. Gasteizen alokairuaren batez bestekoa 855 eurokoa da gaur egun, Espainiako Estatuko seigarren hiriburu garestiena izanik. Eta hori gutxi balitz, 13.000 etxe huts dauden bitartean, azken urtean hamarnaka etxegabetze eman dira Gasteizen bertan.
Lan prekarioenak izateak, etxebizitzaren inguruko kezkak... bizi espektatiben gabezian eragina du, eta ondorio larriak dakartza gazteon osasun mentalean. Izan ere, azken urteetan antsietate eta depresio kasuek nabarmen egin dute gora, eta hori gazteon bizi baldintzen okertzearekin lotuta dago. Zentzu horretan, argi dugu kapitalismo zisheteropatriarkalak inposatzen digun bizi eredua jarraitu behar izateak ondorio psikosozialak ekartzen dituela. Ulertuta sistema bera dela egoera horren erantzule, horrek ez dizkigu erremintak eskaintzen gure osasun mentala bermatzeko. Horren adibide da osasun publikoan osasun mentalarekin lotutako auziak artatzeko itxaron zerrenda amaigabea. Zaintzaren auzia guztiz pribatizatuta dago, eta pribilegioa bihurtu da zaindua izatea. Osasun mentala lantzea ez dago gazte guztion esku.
"Azken urteetan antsietate eta depresio kasuek nabarmen egin dute gora, eta hori gazteon bizi baldintzen okertzearekin lotuta dago"
Kontuan hartzekoa da ere, hori borrokatzerako orduan edo iritzi bat zabaltzerako orduan gazteok pairatzen dugun kontrol soziala. Gasteizko Udala esfortzu ekonomiko handia egiten ari da alor honetan. Horren adibide dira azken hilabeteetan iritsi zaizkigun berriak: 100 kamara inteligenteen instalazioa hiriko kaleetan, graffitien egileen aurkako jazarpen grafologoa eta ikerketak, poliziaren presentzia nabarmena eta horren indarkeria kasuak…
Gazteok prekarizatzen gaituen sistema betikotzeko ahalegin bezala ulertu behar dugu hori. Bestalde, aurrerapen teknologikoak eta sare sozialak sistema hegemonizatzeko tresnak dira gaur egun, gizarte zabalean alternatibaren eta bizi eredu askatzaileen aurkako iritziak zabaltzen direlarik.
Sistema kapitalista zisheteropatriarkala da gazteok bizi dugun prekarizazioaren erantzulea. Problematika guztiak elkar lotuta ulertu behar ditugu, batek besteengan eragina duelarik. Gasteizko gazteoi dagokigu sistemari aurre egin eta hori gainditzea. Horretarako gazteon bizi baldintzak borrokatu eta miseriara kondenatzen gaituztenak salatuko ditugu. Antolakuntzaz Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikiko dugu.
Zuen miseriaren aurrean, gogor eta tinko!
Ernai Gasteiz
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.