Analisia

Ez da hain txarra izan

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Ibaizabal 2022ko ira. 16a, 15:00
Mikel Landa txirrindulari zuiarra, aurtengo Espainiako Vueltan. / Argazkia: LA VUELTA

"Ez da izan askok espero genuen Vuelta Mikel Landari dagokionez, baina erakutsi du sufritzen dakiela. Nahiz eta itzuli handi bat egoera txarrean hasi, hobera joan daitekeela, beterano bat izanda gero eta gazteagoak diren txirrindularien elitean".

Zazpi urte pasa dira Mikel Landa (Murgia, 1989) Cortals d'Encamp-eko 2015eko Espainiako Vueltan etapa irabazi zuenetik, garai hartan Astana taldean zegoela Vincenzo Nibali eta Fabio Aru txirrindulari italiar prestigiotsuekin. 2015. urtea bereziki loriatsua izan zen arabarrarentzat, zeinean Euskal Herriko Itzuliko etapa garrantzitsuena, Italiako Giroko egun garrantzitsuenetako bitan eta Espainiako etapa erreginean irabazi zuen.

"Egoera asko aldatu da arabar txirrindularitzaren erreferentearentzat"

Egun, Bahrain Victorious-eko maillota duelarik (2023ra arteko kontratuarekin), egoera asko aldatu da arabar txirrindularitzaren erreferentearentzat. Aurtengo Vueltan Arabako txirrindulari bakarra izan zen, eta, nahiz eta bigarren mailako paper bat izan hasiera-hasieratik, gure lurraldeko elitearen lider ukaezina da, ondorengo argirik gabe. Oier Lazkano (Gasteiz, 1999), Movistar Team-ekoa, murgiarra ordezkatzeko hobekien kokatuta dagoena da momentuz...

Giroan 3. postua lortu eta gero, Mikel Landarekiko uda isila izan genuen bere jarraitzaileok. Frantziako Tour-era joatea espero zen, baina azkenean Landak eta taldeak adostu zuten frogan ez parte hartzea. Handik aurrera, Donostiako Klasikora arte, uztailaren 30ean, Landari buruzko berriak agertu ziren berriz ere, baina Bahrain taldearen plantillan agertzen ez zelako. Orduan jakin genuen hilabete oso bat egon zela entrenatu gabe, lesio bat zela eta. Gainera, aita izan zen udan bertan. Orduan, itxaron egin behar izan genuen Burgosko Itzulian berragertzeko. Eta Mikel Landaren papera izan zen, nolabait esateko, etsigarria: 44. postuan geratu zen, 2021ean irabazi egin zuen proba berean. Eta abisu bat bota zuen: "Espainako Vuelta honetan etapa bat irabaztea planteatzen ari naiz". Hitz horiek landisten itxaropenak apurtu zituzten, zalantzarik gabe. Podium-a baztertzea Vuelta hasi baino lehen ez zen batere pozgarria.

"Hitz horiek landisten itxaropenak apurtu zituen; podium-a baztertzea Vuelta hasi baino lehen ez zen batere pozgarria"

2022ko Espainiako probako lehenengo astea zaila izan zen, bai jarraitzaileontzat bai Landa berarentzat, aitortu zuen bezala. Lehengo zazpi etapa egunetan, nahiz eta mendi askorik ez izan, ez zen inoiz 25. postutik igo. Gainera, 25. postu hori Gasteiz - Guardiako eguna izan zen, bere etxean.

Bigarren astea ez zen txarregi hasi. Landa Colláu Fancuaya 23. amaitzean (mendiko etapa), nahiz eta irabazletik ia 3 minutura ailegatu, ere faboritoen atzetik, eguna ihesaldian igaro eta gero, garaipena lortu gabe. Sei etapa eta gero, 14.ean, Sierra de la Panderan 17. ailegatu zen helmugara, berriro ere faboritoen atzean, Hindley, Valverde eta Uran-ekin batera. Hala ere, nahiz eta etapa irabaztearen helburua lortzea zailtzen bazen ere egunak pasa ahala, egunero postuak igotzen hasi zen, Top 15era hurbiltzen.

Azkenengo astea, txirrindulari asko etxera joanda zeudenean, indarrak mugatuta eta etapa garaipenerako aukerak murrizten zirela, Landa bere eskalatzaile fama erakusten hasi zen berriro. 18. eta 17. postuetan geratu zen mendi etapa garrantzitsuenetan, goian aipaturiko egoera ia berdinean, faboritoen atzean. Horrela, Madrilgo 21. etapara ailegatu zen sailkapen orokorrean.

"Denboraldia amaituta izanda, urtearen analisia egiteko momentu ezin hobea izango da"

Ez da izan askok espero genuen Vuelta Mikel Landari dagokionez, baina honek erakutsi du sufritzen dakiela. Nahiz eta itzuli handi bat egoera txarrean hasi, hobera joan daitekeela, beterano bat izanda gero eta gazteagoak diren txirrindularien elitean. Ez du bilatzen zuen garaipen partziala lortu, ezta mendiko sailkapenean puntu bakarra lortu ere, baina etxera joan daiteke optimismo apur batekin, bere taldeari 60 puntu UCI emanez eta Bahraineko txirrindularien azkeneko sailkapenean lehena izanez: Luis Leon Sanchez 16., eta Gino Mader, itzulirako liderra zena, 20. postuan izanda.

Denboraldia amaitzeko, Landak plazaratu du Lonbardiako klasikoa egiteko intentzioa duela, "gustuko duen karrera delako"; urriaren 8an izango da. Irabaztea ia ezinezkoa da, baina zortea eta paper protagonista izatea opa diogu. Hori amaitzean, denboraldia amaituta izanda, urtearen analisia egiteko momentu ezin hobea izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide