Inolako baldintzapen pertsonalik izango ez bazenu, taberna honetan dauden zer pertsonarekin izango zenuke harreman erotiko bat?
Hau izan zen lagun talde batean batek egindako galdera. Batzuek segituan aipatu zituzten zenbait pertsona; beste batzuek, aldiz, baldintzapen gabeko egoera horretan jartzeko zailtasuna izan zuten. Zaila egiten zaigu erabateko askatasunean imajinatzea, baldintzapenak asko izan daitezkeelako: bikotea, seme-alabak, jende ezaguna inguruan, adin tarte handia, harreman baten haustura hurbila bizi izana...
Baina egindako galderak ez zuen erabakirik eskatzen, gure desioekin konektatzea baizik. Bagenekien ez genuela benetan harremanik izango. Fantasiaren eremuan ari ginen, jolasean, eta fantasiak ez luke baldintzarik izan behar. Edozein desio ager daiteke. Edonon eta edonorekin joko erotikoak egin ditzakegu, eta horrek ez du inolako ondoriorik.
Tamalez, gure jokabideak baldintzatzen dituzten alderdiek amets egitean ere pisua dute, aske desiatzea eragozten dute, eta horrekin batera gure gozamena urritu. Pizten diren desioei bide eman ordez, akatu egiten ditugu, zentsura inposatuz.
"Zer pertsonarekin izango zenuke harreman erotiko bat?"
Baldintzatutako iritzi horien artean sexu orientazioarenak jokua eman zuen. Batzuek sexu ezberdinetako pertsonak aukeratu zituzten, sentitutako erakarpen fisikoa beti sexu batekoei zuzendua izanik ere, jolastean, amets egitean, ate berriak ireki daitezkeelako inolako kalterik gabe. Gozatu daiteke, eta atsegina suertatzen ez bazaigu, fantasiaren ildoa aldatu, besterik ez. Fantasian hain erraza denak, errealitatean bestelako ondorioak lituzke (gorputzean sentsazio desatseginak, eroso ez nagoela esan beharra, besteak hori nola jasotzen duen, senti eta eragin dezakegun mina…). Fantasiek ez dute ondorio txarrik izaten, ni naiz fantasiaren idazlea eta protagonista, eta gidaria naizen heinean, gozamenerako norabidea hartuko dut, nahi ditudan bidegurutzeak, aldapak eta kilometroak eginez.
Lagunetako batzuk malgutasunez aritu ziren lagunak proposatutako egoeran, fantasian, eta baldintzapenak jokoz kanpo utziz. Beste batzuk, aldiz, baldintzapen horien lotura irmoa sentituz oinak lurrean mantendu zituzten, fantasiara hegan egin ezinik. Bikote eredua, maskulinitate eredua, desioaren orientazioa norabide batekoa balitz bezala %100, begirada morala… eta beste hainbat alderdik mugatuta.
Sexualitatearen alde "praktikoa" ikasi dugu, baina oso alboratua izan dugu, eta dugu egun, alde erotikoa, desioekin konektatutakoa eta fantasien bidez aberastu daitekeena.
Arakatzeko prest?
Maider Garcia de Bikuña, Emaize.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.