Azkena gay

Argazkia: Freepik.

"Batzuentzat heterosexualitatea, identitate binarioa eta patriarkatuaren botere estruktura kolokan jartzen duen guztia arriskutsua bihurtzen da"

Duela aste batzuk eskoletako patioetan "azkena gay" sare sozialen erruz modan jarri zela salatzen zuten hainbatek. Hori salatzea eta mahai gainean jartzearekin ados, ezin beste modu batean izan. Errua sare sozialena dela esatearekin, ordea, guztiz kontra. Zergatik? Horrelako "jolasak" ni txikia nintzenean ere bazirelako, eta hamarkada batzuk ditut gainean jada. Modu, forma edota bide ezberdin eta berriak bilatu dira hauek egiteko, eta, sareek bereziki, zabalkunde handia baimentzen dute, baina lehen eta orain oinarria berdina da: homofobia.

Zorionez ate asko ireki dira, eta egun askoz gehiago dira sexu aniztasuna betetzen ez duten errealitateak onartzen diren esparruak; baina heteronormak indarrean jarraitzen du, tamalez. Batzuentzat heterosexualitatea, identitate binarioa eta patriarkatuaren botere egitura kolokan jartzen duen guztia arriskutsua bihurtzen da, eta neutralizatu beharrean sentitzen dira, bere esku dituzten baliabide guztiak erabiliz askatasunaren kontra egiteko. Sare sozialak dira hedapen tresna nagusia.

Azkena, mugitzen dena, korrika egiten ez duena… gay "jolasek", esan bezala, hamarkadak daramatzate eta ikastetxez ikastetxe mugitzen garenak hamaika aldiz ikusi eta entzun ditugu. Lehen azkena marikoi zioten. Batzuk ikasi dute marikoi esatea ez dela errespetuzkoa, eta horren ordez gay esaten dute, horrela minik egingo ez balu bezala. Baina hitzek, berez, ez dute minik ematen, emandako esanahia eta asmoa dira mingarriak. Txiki, argal, luze, beltz, gay, betaurrekodun, txuri, lodi… Batzuk irakurtzean zerbait mugitu zaizue erraietan? Noizbait horrelakoren batekin minduta sentitu zarete? Noizbait erabili duzue norbait kritikatzeko?

Hala da, ezaugarri batzuk mintzeko aipatzen ditugu, pertsona baliogabetzeko. Ezaugarri batzuek ez dute bat egiten heteronormarekin, edertasun eredu normatibo sexistarekin, zurien nagusitasunarekin.

Beraz, hauxe ikasi eta irakatsi behar dugu:

–Ikasi eta egiten ditugun komentarioak ez dira neutroak.

–Hitz batzuk mingarriak izango dira erabilitako asmoaren arabera.

–Jolasak dibertitzeko dira, eta norbait minduta senti badaiteke, ez da egokia, beraz ez da egin behar.

-Talde batean homosexualik ez badago (ala horrela uste badugu) mingarria izan daiteke berdin-berdin inguru etsaia sortzen dugulako gure ustetan "broma" diren hauekin. Bromak guztiei graziarik egiten ez badigu, ez da broma. Gure inguruan sexu bereko pertsonak gustuko dituztenak ditugulako, errespetu falta guztiak bezala mingarria dela dakigulako, etorkizunean sexu bereko norbait gustuko banu ez naizelako askatasunez adieraztera ausartuko entzundako komentario hauengatik…

-Keinu txikiekin aldaketa garrantzitsuak sor ditzakegu. Adibide erreala: atsedenaldi orduan 9 urtetako mutil talde bat jolastean ari da. Bapatean batek "korrika egiten ez duena gay da" esan eta batzuk korrikan hasten dira beste batzuk geldi geratu diren bitartean. Esaldia esan duena haserre itzultzen da: "gay izan nahi duzue ala?", erantzuna: "berdin digu gay izan ala ez". Talde horretan joko hori ez da berriro egin.

Honen inguruan hausnartzea ezinbestekoa da ume eta gazteekin, askotan ez dutelako egiten duten minaren kontzientziarik beraiei ez dielako zuzenean minik ematen. Enpatia lantzea ezinbestekoa da. Eta ez ahaztu homofobia ez dela ume eta gazteen arazoa, ez da sare sozialen errua. Sexu-aniztasuna ez onartzea jendarte gisa dugun arazo handia da eta jendartea gu guztiok osatzen dugunez, guztiok egin beharko genuke hausnarketa pertsonala eta hausnarketa kolektiboa (nola hitz egiten dut, diskriminatzaileak diren "esaldi eginak" erabiltzen ditut, egiten ditudan diskriminazioak bat egiten dute nahi dudan jendartearekin, zerbait landu behar dut hori aldatzeko, nire inguruko ume zein gazteei diskriminazio eredua eskeintzen diet?...)

Sare sozialei errua botatzeak gure ardura desagertarazten du. Gure esku dago!

Emaize.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago