Infekzioak gora

Argazkia: Freepik.

"Infekzioekiko beldurra galdu dugu, egun ez baitugu GIBagatik (VIH) hil denik ezagutzen"

Azken urteetako datuek diotenez, genital bidezko infekzioak (GBI) gora doaz. Araban chlamydia da lehen postuan dagoena, eta gonorrea eta sifilisa jarraian.

Asko dira aipatzen diren arrazoiak: elkartzeko app-ak, kondoiaren erabileraren gutxitzea, infekzio hauek ez dutela beti sintomarik ematen, antibiotikoekin tratatu daitezkeela jakinda garrantzirik ez ematea, eta ahoz egindako joko erotikoek arriskurik ez dutela sinestea, besteak beste.

App-en erabilerak ez du berez GBIaren igoera azaltzen. App bidez harremandu eta gera gaitezke, baina unean babesa erabil dezakegu joko arriskutsuren bat egingo bagenu. Hori ez du APP-ak markatzen, pertsonek baizik.

Kondoia gutxiago erabiltzea zabaldu egin da app bidez zein aurrez aurre sortutako kontaktuetan. Alde batetik, infekzioekiko beldurra galdu dugu, egun ez baitugu GIBagatik (VIH) hil denik ezagutzen orohar. Baina birusa gure artean dago eta gogoan izan behar dugu ez dela antibiotikoekin tratatzen, bizitza osorako tratamendu bitartez baizik. Kondoiaren erabileraren inguruko sinesmenen eraginak bizirik dirau hainbaten artean: plazer gutxiago sentitzen dela, erekzio arazoak sortzen dituela, bikote bakarra izanda ez dela beharrezkoa… eta hauek, gezurra izateaz gain, GBI bezalakoak areagotzen dituzte.

Sexuen-heziketa ikastetxean jaso duten gazteek horrekin nahikoa dutela sinestea akats handia da

Babesa ez erabiltzearen arrazoien atzean informazio falta edota informazio desegokia egon daiteke, baina baita bestelakoak ere. "Niri ez zait gertatuko" ala "bikotea ondo ezagutzen dut" pentsatzea ez da babes neurria. Autoestimu baxua izatean bakoitzak bere burua ondo ez zaintzea, elkartzeetan elkar zaintzari garrantzirik ez ematea edo jendarte/bikote presioak berebiziko garrantzia izango dute elkartze erotikoen ondorioetan, eta infekzioak zabaltzea ondorio zuzena dira.

Sexuen-heziketa ikastetxean jaso duten gazteek horrekin nahikoa dutela sinestea akats handia da. Ikastetxeetan sexuen-heziketa egiten dugunok, zoritxarrez, ordu gutxiko esku-hartzeak egin ohi ditugu orokorrean, eta ahal dugun hobekien egiten dugu.Autoestimua, zaintza propioa eta elkarrekikoa, informazio zientifikoa… Hau guztia landuko dugu, baina honek gutxirako balioko du ez bada etxean, eskolan, eskolaz kanpoko ekintzetan ere lantzen.

Heldutan babesik ez hartzean, ezin dugu sexu heziketa faltarekin justifikatu. Agian ez dugu izan merezi genuena, baina gure ardura da heldu bezala informazioa lortzea. Birusak badirela eta hauek ez zabaltzeko babesa behar dugula badakigu. Prest nago ardura hori hartzeko, informazio fidagarria bilatzeko, nire burua zein besteena zaintzeko?

Emaize.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago