Lautadako Kuadrillak eta bertako kide diren zortzi udalerrik (Agurain, Dulantzi, Asparrena, Barrundia, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga, Zalduondo eta Burgu), sexualitatea modu positiboan bizitzeko Sexaguzu informazio gune berriaren aldeko apustua egin dute.
Lautadako pertsona guztientzako baliabidea da, ume, nerabe, gazte zein heldu izan. Bertan, doan, modu anonimo zein konfidentzialean artatuko ditu gerturatzen diren herritarrak 30 urteko ibilbidea duen Emaize sexologia zentruko sexologoak.
Sexualitatearen kontzeptu zabalean oinarritutako gunea da hau: identitateak, genero-adierazpenak, desiraren orientazioak, gorputzak, binkulazioak, joku erotikoak, zaintzak, eta beste gauza asko lantzeko aukera izango dugu. Sexualitatea ez delako soilik norbaitekin dugun elkartze erotikoa, gutako bakoitza den izaki sexudunarekin zerikusia duen guztia baizik; jaiotzatik hil arte gara sexudunak.
Aurrez aurreko arreta gunea txandakatuz joango da astez aste. Hilean birritan Aguraingo kirolguneko bilera gelan kokatuko da, eta hilean behin Dulantzi eta Araiako kultur etxeetan. Hiru leku hauetan egingo da aurrez aurreko arreta, eta Lautada osoko biztanleak edozeinetara ahalko dira hurbildu sexualitateari buruzko zalantzak argitzeko, jakinmina asetu, ondoeza sortzen duten kontuak zein hobetu nahi diren eremuak lantzeko.
Doan, modu anonimo zein konfidentzialean artatuko ditu gerturatzen diren herritarrak 30 urteko ibilbidea duen Emaize sexologia zentruko sexologoak
Aurrez aurreko arretaz gain, beste hiru arreta bide izango ditu: telefonoz, whatsappez eta posta elektronikoz. Bide guztiak asteazkenero 18:00etatik 19:30era egongo dira indarrean.
Sexaguzu gunea ezagutzera emateko hedapen kanpaina garrantzitsua egin dugu irailan zehar eta aurrerantzean ere jarraituko du. Lautadako zortzi udalerritan bilera irekiak antolatu dira, zonaldeko LH eta DBH ikastetxeetako irakasleekin eta DBHko ikasle askorekin partekatu da gune honen inguruko informazioa; herrietako zenbait eragilerekin kontaktuak egon dira informazio hau trukatzeko eta elkarlana sustatzeko, eta horretan jarraituko du Emaizek hurrengo asteetan.
Bestetik, Lautadako pertsonek egindako bideoa zabaldu da herritarren artean. Bideoan herri guztietako pertsona anitzak agertzen dira modu freskoan Sexaguzuri buruzko informazio garrantzitsuena azpimarratuz eta baliabide berri hau erabiltzen animatzera.
Sexualitate informazio gune hau martxan jarri ahal izateko apustu politikoa, bideoa egiteko herritarren jarrera eta eragile zein biztanleen aldetik izaten ari den harrera oso positiboa izaten ari da, eta ilusioz ekingo diogu erronka berri honi.