Ai uda… Zenbat istorio berritarako ematen duen, ezta? Askok sentitu genuen norbait modu berezian gustuko genuela lehen aldiz uda garaian; udako egun eta gau luzeetan ezagututako lagunen artean, batek piztu zuen gure barruko sua. Zenbat elkartze erotiko, espero ez genuenarekin, espero ez genuen unean, begirada batez hurbiltzeko eskatu zigun horrekin ala bestearekin jende pilaren artean ustekabean gure azalak igurtzi genituenean konexioa sortuz… Udak, lasaitasunak, leku aldaketek, pertsona berriak ezagutzeak, beroak, azalak… guztiek errazten dute gozamenak partekatzea, baita eremu erotikoan ere.
Aukera ederra dena, ordea, presio bilakatu daiteke. Oporretan bikotearekin gehiagotan intimoki harremandu ez? Bikoterik ez izan eta ligatu ez? Kuadrilan jairik jai ibili eta inorekin ez zarela liatu? Argazkiko horrekin saiatuko zinen, ezta?... Ez. Ez dut harreman erotikorik izan. Ez dut ligatu. Gogorik ez dudalako sentitu, aukera egokia ez dudalako izan, konexio berezirik ez dudalako nabari, saiatzean ezetz esan didatelako… batek daki! Urtean zehar haserretu gaitezke, triste egon, planak egiteko gogorik ez izan…baina udan guztia eraldatu behar da edabe magiko bat edatea bezain erraza balitz. Eta urtean zehar ligatzen ez baduzu, komentarioak entzungo dituzula argi badugu, zer esanik ez udan. Gozatzeak, bizitza disfrutatzeak… plazer erotikoa barneratzen du. Udan gozatzeko presioa dago, eta erotikaz ere gozatu behar dugu. Baina behar ez da nahi, behar ez da desioa… behar hori ez da nirea, besteen presioak jartzen didan pisua da, eta kaltegarria da.
Elkartze erotiko batean elkarzaintza ezinbesteko premisa da
Hor hasten da askotan besteen (jendartearen) nahia asetzeko lasterketa. Ligatzeko jarrera hartu barnetik ateratzen ez zaidanean, norbaitekin enrroilatu gogorik sentitzen ez dudanean, harreman erotikoak izan betebehar moduan… Honek ez du erotikarekin zerikusirik. Erotikak desioekin du harremana, eta hauek guztiek ez dute desioekin loturarik, besteak ixiltzekoa ez bada.
Honek ez du elkarzaintzarekin harremanik. Elkartze erotiko batean elkarzaintza ezinbesteko premisa da. Ni ondo sentitu, baita bestea (besteak ere), nik nahi dudana proposatzeko aske izan, baita bestea ere, nahi ez dudanari ezetz esateko lasaitasunarekin, besteak ezetz esan ahal didan moduan, kaltegarria izan daitekeen edozein arrisku ekidituz, niretzako zein bestearentzako kaltegarri izan. Berdin dit maitasuna ala atrakzioa sentitzen dugun, oinarri berdina beharko genuke esperientzia ona izateko.
Presioagatik egitean, baliteke ni gaizki sentitzea, ez gozatzea, libre ez sentitzea, nire burua ez zainduz. Presiopean egonda, baliteke besteari dagokion errespetua, gozamena… ez zaintzea, ez nagoelako berarekin gustatu zaidalako, konexioa egon delako, besteak edota gure barruko ahotsak ixiltarazi nahi ditugulako baizik, egin beharrekoa egin kontatu ahal izateko, listo!
Erotika pertsonala da, bakoitzarena. Desiatzen duguna, noiz, non, bakardadean ala konpartitua, gure barrenak esango digu, ez beste inork. Lagun hobeak izango ginateke hori errespetatuz, presioa sortzen duten komentarioak egin gabe. Jendarte hobea izango genuke, zoriontasuna nola eta noiz senti behar dugun eginbehar gisa jarriko ez bagenu.
Konekta dezagun gure barrenekin, hor daude gure desioak piztuta, hor gozamenerako bideak.