Iritzia

Erotismoa non?

Irudia: 'La Venus del Espejo'

"Gure gorputzaren erantzuna hautemango bagenu, baliteke besapean, eskumuturrean ala betazaletan aurkitzea desiorako eremua"

Arteak, eta bereziki pinturak, gorputzak izan ditu protagonista maiz. Asko izan dira biluztasunaren edertasuna artelanen bidez islatu dutenak, baita garai bakoitzeko arauen kontra joz, erakusezinak ziren gorputz atalak agerian utzi dituztenak.

Giza sexualitatea, zoritxarrez, debekuek mugatzen dute sarritan, eta erotismoaren nahia debeku horiek urratzearena da. Sexu-desirak pizteko helburua du, eta debekuak, berez, desira pizten duela aspaldiko kontua da. Artelanak debekuak gainditu eta desirak pizteko iturri amaigabea dira, baina ikerlari batzuen iritziz, ez ditugu beti ondo interpretatu.

Asko dira obretan ikus ditzakegun gorputz femeninoak eta arrunta da atzealdea ikustea, bizkarra eta ipurdia bereziki. Gure begiradak puritanismoarekin lotzera eraman gaitu, eta titiak eta alua ez erakustearren, atzealdea margotu zutela pentsatu dugu.

Gaur egun, gorputz femeninoaren erotismoa alua eta titietan kokatzen da, sozialki emakumeon titiburuak ezin dira agertu, askotan topless egitea debekatuta dago, eta umeei titia emateagatik arazo nahikotxo sortu dira. Gizonezkoen titiekin ez dago arazorik. Agerian uzten du begirada heteropatriarkala, zeinean emakumeak desio objektua diren eta gizonezkoak desiratzaileak, beraz ez da publikoki erakutsi behar gizon heterosexualentzako desiragarri izan daitekeena, berotu ez daitezen. Desioa kontrolatu ezin duten gizonak erakusten ditu ideia honek… ideia hauek, tamalez, oraindik eraso sexistetan erasotuaren kontrako argudiategia eusten duten ideiak dira.

Artelanak debekuak gainditu eta desirak pizteko iturri amaigabea dira, baina, ikerlari batzuen iritziz, ez ditugu beti ondo interpretatu

Badakigu, ordea, emakumezkoek desioak dituztela, kitzikatu egiten direla eta gustuko gizonezko bat kamisetarik gabe ikustean berotu daitezkeela. Jakin badakigu pertsona askok ez dutela desio heterosexualik, eta argi dugu gizonezkoek desioa sentituta, jokabidea kudeatzeko gai direla.

Ikerlari batzuek diotenez, egungo begiradak ez du artearen interpretazio egokia egin. Asko dira emakumezkoak desio-objektu bezala irudikatu dituzten artistak, elementu pasibo gisa. Badira, ostera, Velazquezen La Venus del espejo bezala, jarrera aktiboa zutenak. Ikerlari askoren esanetan, biluzik dagoen emakumezko baten atzealdea islatzen du, ipurdia eta bizkarra gorputzeko elementu erotiko itzela kontsideratzen zelako. Ez hori bakarrik. Aurpegia ispiluan dago, norbaiti begira eta desioa erakusten duela eratorri dute.

Garaiak, arauek, sare-sozialek… gure desioa bideratu ordez, gure barnera, gure gorputzaren erantzuna hautemango bagenu, baliteke besapean, eskumuturrean ala betazaletan aurkitzea desiorako eremua.

Maider Garcia de Bikuña/ Emaize.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago