Hogeitabost urte igaro dira Sildenafilo merkatura iritsi zenetik Viagra (ezagunena) izenpean, eta asko izan dira urte hauetan erekzio zailtasunei irtenbidea emateko hartu dutenak, baina denbora luze igaro arren, asko dira botika honen inguruko sinesmen okerrak, eta horiek argitzeko aprobetxatuko dugu bere 25. urteurrena:
–Ez du desioa pizten. Ez da afrodisiakoa, botika baizik, hortaz, ez du desioa piztuko. Tentetze zailtasunak daudenean, zakilean odola sartzea errazten du eta tentetzea emango da, baina pertsona hori kitzikatzen ez bada, desioa ez bada pizten, Viagra hartuta ez da zakila tente jarriko. Estimulazioa eta desira beharrezkoak dira bere efektua eman dadin.
–Ez luke edonork hartu beharko. Sildenafilo botika bat da, eta, ez da hartu behar medikuen baloraziorik gabe. Osasun arazo batzuengatik emandako erekzio zailtasuna bada, lagungarria izan daiteke. Bestela gripearen botika griperik gabe hartzea bezala da, ez du zentzurik.
–Ez du gizon guztien errendimendua hobetzen. Asko dira juergan alkohola eta bestelako drogak hartu ostean Viagra hartzen dutenak. Drogek gure kitzikapen eta gorputzaren funtzionamenduan eragiten dute, eta askotan ematen dira tentetze arazoak ondorioz, baita lubrikazio arazoak ere aludunengan. Horiek ekidin nahian, alkohola edota beste drogei botika hau gehitzen zaio, eta epe motzean irtenbidea dirudien arren, osasunerako arriskutsua izan daiteke, besteak beste, bihotzekoa izateko probabilitatea handituz.
Badira ere tentetze zailtasunak beste arrazoiengatik izanda, sexologoaren laguntza bilatu ordez, Viagraren miraria espero dutenak. Bi kasuetan, Viagraren kontsumora ohituta, botika hau gabe funtzionatzeko arazoak handitu daitezke. Segurtasun sentsazio faltsu bat ematen die eta menpekotasuna sor dezake.
–Ez du zakilaren tamaina handitzen. Tamaina handitzen da odolez betetzean, modu naturalean edota Viagrak lagunduta, baina desioa jeistean odol hori bere onera itzuliko da. Modu naturalean ematen ez den prozesua errazten du, besterik ez.
Hauek argituta. Zer dela eta hainbeste itxaropen jarrita botika honetan? Zergatik hainbeste diru merkatu ilegalean? Zergatik neurtzen dugu maskulinitatea zakilaren errendimenduaren arabera?
Viagrak ez du ziurtatuko harreman erotikoetan gozatzea. Funtzionatuko du desioak funtzionatzen badu; zakilean soilik zentratzeak gozatzeko hamaika modu alboratzen ditu. Viagra hartuta ala ez, erotika modu zabalean ulertzea onuragarria izango da.