Pertsona orok dugun eskubidea da hau, baina ume eta gazte askok ez dute bermatua. Askotan familian zein ikastetxean ahaleginak egiten dituzte eta ahalik eta modu egokienean hezten dituzte, duten informazioa eskainiz eta zailtasunak dituztenean lagungarri izan daitezkeen euskarriekin baliatuz, hala nola, liburuak, filmak, youtuberrak…Bai, instagramer eta youtuber guztiak ez daude Andorran eta guztiek ez dute bideojokoetaz hitz egiten, sexualitateaz aritzen diren profesional onak daude.
Beste batzuk, ordea, ez diete behar duten kalitatezko sexuen-hezkuntza eskaintzen. Batzuk ez dakite nola egin eta formakuntza jasotzeko pausua emango dute baliabideak izateko; beste batzuk, aldiz, sexualitatea helduon kontua den ustearekin, umeek ez dutela sexualitaterik sinetsita daude eta gaia alboratzen dute. Jakinmin eta zalantzetan murgildurik uzten dituzte askotan, baina ez hori bakarrik; akats handia da sexualitatea soilik harreman erotikoen sinonimotzat hartzea eta genitalen erabilerara murriztea.
Sexualitateak umeak izateko balio du nahi izanez gero, baina baita gozatzeko ere, eta haurrek plazera sentitzeko gaitasuna dute. Sexualitateak komunikatzeko balio digu, ez soilik bikote mailan, besteekin harremantzean emakume ala gizon, ez-binaro... izanda egingo dugu, gizartean sexu batekoa ala bestekoa izateak dakarren guztiarekin, araututakoak jarraituz ala ez (cisheteronormatibotasuna), gure gorputzarekin dugun harremanaren (autoestimua, konplexuak,…) arabera modu ezberdinez jokatuz… Eta sexualitateak ezberdindu egiten gaitu, ez baitaude bi gorputz berdin, sexudun izate hori berdin bizi duten bi pertsona, emozioak sentitu eta adierazteko modu berbera dutenak. Bakoitzak besteekin harremantzeko modu propioa izango du; aniztasun ikaragarria da, beraz sexualitateetaz pluralean aritu beharko ginateke.
Sexualitateaz aritzean hau guztia ez badugu kontuan hartzen, hankamotz geratuko gara. Sexualitatea zer den ulertu ahal izateko, guztiaz aritu behar gatzaie. Horrela izango baita ulerkorra.
Bestetik, emandako azalpen eta informazio guztiak hezten dugun pertsona horrentzat ulergarriak izan beharko dira. Hizkera erraza, sinplea eta bere gaitasunetara moldatuta erabili beharko dugu. Kotxea garajean sartzen dela edota umeak Paristik datozela kontatzeak ez du honetan laguntzen, eta holakoak entzuten dituzte batzuek oraindik.
Ez ditut guraso, irakasle edota beste eragile hezitzaileak epaitu nahi, ume eta gazteek duten eskubideaz ohartzen lagundu eta nola egin ez dakitenean, laguntza eskatzen animatu baizik. Eskubideak errespetatzeko dira, eta helduok hausnarketa propioa egin beharko dugu gure ume eta gazteei sexuen-heziketa integrala eskaintzeko.
Emaize.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.