Ez egin ihes hiesari

Arg; Pixabay

Hiesaren eguna da gaur, abenduak 1, eta pandemia hau ez dela desagertu gogora ekarri nahi dut.

GIBa persona baten gorputzean sartzean, sistema immunologikoko zeluletan sartzen da eta pixkanaka hauek suntsitzen ditu. Infekzioa eman eta bolada batean (hilabeteak ala urteak), sistema immuneak defentsarako zelulak sortzeko gai izaten jarraituko du, "seropositiboa" izatea deritzo. Baina iritsiko da eguna, gehienetan behintzat, birusak defentsak gaindituko dituena, sistema immunitarioak okerrera eginez. Gorputzak ezingo die aurre egin infekzio eta gaixotasun arruntei, eta Hiesa agertu dela esango genuke.

Positibo izanda, nahiz eta guk sintomarik ez izan, beste persona batzuk kutsa ditzakegu. Lau jariakinek izan dezakete GIB kontzentrazio nahikoa kutsatzeko: odolak, semenak, baginako fluxuak eta ama-esneak. Izerdiak, listuak, azalak… ez dute GIBa kutsatzen. Bide erotikoa da Hego Euskal Herriko kasuen %90 ingururen infekzio bidea. Kondoirik gabe bagina, uzki edo ahoko sarketa izaten denean eman daiteke. Uzki sarketak dauka arrisku handiena. Ondoren, baginako sarketak. Ahoaren eta genitalen arteko erlazioak ez dira hain arriskutsuak GIBerako, baina bai bestelako genital bidezko infekzioetarako.

GIBaz kutsatuta gauden jakiteko modua GIBaren azterketa egitea da. Emaitza fidagarria izateko, arrisku-praktika egin den unetik hiru hilabete pasa beharko dira, bestela detektagaitza delako. Azterketa egiteko: osasun-zentrotako analitikak, GKE batzuetan (Sidalava, Bizkaisida, Gehitu, Cesida…) edo farmazietako test azkarra.

40 urtez GIBak eragindako sufrimendua ez genuke ahaztu beharko, ezta honen inguruan ikasi dugun guztia ere

Berdin du norekin harremantzen garen, gure orientazio eta gustoak zerikusi gutxi dute. Berdin du adinak, estatistikek argi uzten dute harreman erotikoak ditugunon artean edozein adinekin kutsatu gaitezkeela. Kontua ez da adina, identitatea, ezta norekin harremantzen garen ere, arriskua duten praktikak egiten ditugun eta horiek egitean kondoia erabiltzen dugun edo ez baizik.

Lau hamarkada pasata, GIBak gure artean jarraitzen du. Nola kutsatzen den ezagututa eta babesteko neurria erraza dela baldin badakigu, zer dela eta ez dugu saihesten? Arriskua nigandik urrun dagoela sentitu, homosexualen kontua dela sinistu, norbaitek Hiesa badu nabarituko diogula, kondoia proposatzeko lotsa... Eta nabariena, gaixotasun honekiko beldurra galdu dugula. Lehen hiesak jota hiltzen zen jendea. Denbora gutxian okerrera egiten zuten gehienek, edozein gaixotasun larri bihurtu eta hil arte. Medikuntzak aurrerapauso asko eman ditu, horien artean tratamendu retrobiralak, birusaren eragina moteldu egiten dutenak bizi kalitatea hobetuz. GIBaren kontrako txertoak asko lagunduko luke ere, baina ez dezagun jomuga galdu.

Gutako bakoitzaren esku dago zer praktika egiten dugun erabakitzea eta horiek dituzten arriskuak ekiditeko neurriak hartzea. 40 urtez GIBak eragindako sufrimendua ez genuke ahaztu beharko, ezta honen inguruan ikasi dugun guztia ere. Honi bizkarra ematen badiogu, ihes egiten badiogu, ez dugu arriskua ikusiko, baina hor bertan izango dugu. Hiesari ez zaio ihes egin behar.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago