Gorputza

Arg: Pixabay

"Beharko al dugu aurrez aurreko harremana? Beharko ditugu hurbiletik egindako laztanak?"

Gure gorputza munduan egoteko dugun tresna da. Ez dago bestea ikusterik gorputzik ez badu, ezta ukituak izaterik gorputzik ez badugu, baina askoz gehiago da gorputzak oparitzen diguna.

Gure azalak bi metro inguru ditu batez beste, eta metro horiek sentsazioak jasotzeko hargailu dira. Laztanak, beroa, hotzikarak, mina, kitzikapena, kilimak… ez dago hori guztia sentitzerik gorputzik gabe.

Historikoki pentsalari batzuk gorputza-arima dikotomian aritu dira, eta gorputza arima garbia eta espiritua elikatzeko oztopo gisa aitortu dute. Erlijio ezberdinetan gorputza tentazioan erortzeko arriskura garamatzala sinetsi dute, eta, desio erotikoa txartzat hartuta, gorputza gaitzetsi egin da.

Gaur egun, pentsamendu korronte hauetatik urrun egon bagaitezke ere, gorputzak traba izaten jarraitzen du askotan. Asko dira eremu digitalean ditugun harremanak, eta horietan aurkezpen moduan gorputzaren irudiak jartzen baditugu, sextingaren bidez gure gorputzaren irudiak bidaltzen badizkiegu, besteen gorputzekin etengabe konparatzen badugu gurea, besteen gorputzak ikusi eta horietaz gozatzen badugu ere, traba bihurtu dugu aro moderno honetan.

Zergatik? Eremu analogikoan, aurrez aurrekoan, begietara begiratzean, gorputzen azala sentitzean, norbait hurbiltzean sumatutakoan, norbait ukitu nahi dugunean… hau guztia gorputzean sentitzen dugu, eta horren gutxi lantzen dugu gure gorputzarekiko harreman positiboa, gorputzen aniztasuna eta aberastasuna, eta hain erraz jartzen digute sare digitalek gure gabezia horiek guztiak ezkutatzea, erosoago sentitzen garela maiz pantaila baten beste aldean. Edozein unetan itzali dezakegu, erotikoki piztu baina praktika bat ondo egiten dugun ez dugu demostratu behar, zakila ez da tente mantendu behar, ez dugu bestea ondo laztandu behar. Askoz errazagoa da horrela harremantzea. Baina azkenean gizakiok besteekin harremana, baita ukitzea ere, behar dugula esango nuke, eta hau ez dugu pantailen bidez lortzen.

Urte gutxian errealitate birtualaren bidez laztandu ahalko ditugu besteak, bere etxean laztanak sentitu ahalko ditu, besteak masturbatu ahalko gaitu agian… Eta orduan, beharko al dugu aurrez aurreko harremana? Beharko ditugu hurbiletik egindako laztanak?

Teknologiak gauza on asko eskeintzen dizkigu eta sare sozialek, app-ek edo errealitate birtualak eremu berrietara bidea ireki digute, harreman anitzak eta berriak sortzeko aukerak bikoiztuz. Baina izaki sexudun garen heinean, besteen gorputzen beharra dugu, ez soilik modu erotikoan, beraz aukera berriak baliatu ditzakegu naturak gozatzeko eman diguna ahaztu gabe. Eta ezkutatu beharrik ez izateko, gure gorputzarekin ondo egotea landu eta besteen gorputzekin modu positiboan harremantzeko lanketa egitea garrantzitsua izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago