Desioetarako denbora

Arg: Pixabay

"Desioa bat-batean sortzen den zerbait dela oso barneratua dugu, ezer egin gabe piztuko zaiguna, ezusteko kanpo estimulu bat egotearekin nahikoa balitz bezala"

Azkarregi bizi garela argi dugu gehienok eta abiadura hori gure bizitzako eremu askotara zabaltzen da, eremu erotikoa barne.

Erotikak gure desioak barnebiltzen ditu, gure irudimena, kitzikapena eta gorputza piztuko duten desio guztiak. Pertsona bakoitzaren erotika berezia da, pertsona bakoitza bakarra eta errepikaezina delako, eta, hortaz, berotzeko eta gozatzeko beharko duena ere. Baina bada guztiontzako ezinbestekoa den zerbait: denbora.

Ez zaitezte okertu, ez naiz koitoan zenbat irauten dugun denboraz ari, nahiz eta asko izan hori kontrolatzen ibiltzen direnak. Hori ez da garrantzitsua, baldin eta ondo pasa badugu; koitoan hiru minutu, hamar minutu edo koitorik egon ez bada ere, gozatu baldin badugu.

Desiratzeko eta desio horiei bide emateko denboraz ari naiz. Desioa bat-batean sortzen den zerbait dela oso barneratua dugu, ezer egin gabe piztuko zaiguna, ezusteko kanpo estimulu bat egotearekin nahikoa balitz bezala. Baliteke batzuetan espero ez dugun kanpo estimulu batek piztea, eta egoera egokian egonda, desioaz gozatu eta nahi izanez gero joko erotikoren bat egitea. Baina zer behar da egoera egokia izateko?

1. Desioak sumatzeko irekia egotea: beti daude txoriak kantari gure inguruan, baina ez diegu beti erreparatzen. Arreta jarriz, gozatuko ditugu. Desioekin gauza bera gerta daiteke.

2. Sumatutako desirez gozatzeko aukera. Desira horiei bide ematea lehentasun izatea, bestelako ardurak, eginbeharrak… alde batera uzteko lasaitasuna izanda eta errudun sentitu gabe.

3. Desio horiei bide emateko zer nahi dugun sentitzea. Fantasia edota joko erotikoen bidez, joko erotiko partekatuak edo bakarkakoak nahi ditugun. Askotan automatikoki jokatzen dugu, gure barne desirak hauteman ordez, barneratuta dugun eredu koitozentrista jarraituz edota gutaz espero denari garrantzia emanez.

Eta hau guztia egin ahal izateko denbora behar dugu. Ez agian denbora luzea, baina bai kalitatezko denbora. Barnera begiratzeko denbora, alegia. Eta desioak sumatzeaz gain, desioa pizteko uneak hartzen baditugu? Pentsatu, irakurri, ikusi, usaindu, ukitu. Gure zentzumenei denbora eskainiko bagenieke, gure irudimena eta gorputza errazago piztuko lirateke. Ezustean gertatzen denaz gain, nahita sortzen duguna elikatuko duelako gure erotika.

Uda honetarako planak egin dituzue? Zer iruditzen zaizue desio erotikoei merezi duten lekua ematea lehen ilaran jartzen badugu?

Uda erotizatuz, bizitza gozatu!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago