Ekainaren 28an sexu aniztasun eta askatasunaren inguruko ekimenak egin dira. Ondo dakigun bezala, badira horren kontra daudenak eta heteronormatiboa den horretatik kanpo dagoen guztia kritikatuko dutenak.
Heteronormatiboa, hitz gutxitan: gure desioa beste sexukoengana bideratu behar den ustea, harreman erotikoak koitoan oinarritzea, bi sexu soilik daudela ziurtzat ematea eta emakume ala gizon izateko modu egoki bakarra dagoela sinestea.
Pentsamendu honek badu indarra gurean, eta jakin badakigu ere, zeinen min handia egiten duen. Fisikoa askotan, baina baita psikologikoki ere, pintadak, irainak, begirada itsusiak eta sufritu beharrekoa zorigaitza dela botatzen duten horien hitzak. Min itzela. Eguneroko diskriminazio egoerak dira, pertsonen askatasunaren kontra, gutxieneko errespetua ez dute bermatzen eta hau guztia gertatzen dela salatzea ezinbestekoa da aurrera egin ahal izateko pertsona guztien eskubideak errespetatu eta ziurtatu ahal izateko. Honek, ordea, ez luke gure gizartean ematen ari den aldaketa estali behar. Aldaketa positiboa badago, zalantzarik gabe, eta erasoez hitz egitean horien aurrean ematen diren jarrerak nabarmendu behar ditugu.
Jarrera mingarriak badaude. Larriak eta landu beharrekoak, bai. Kezkagarriak, oso. Baina badira aurre egiten dieten pertsonak, gazte asko horien artean, errespetuz eta argudiatuz, jarrera horiek baliogabetu egiten dituztenak. Edozein erasoren aurrean, erasotua laguntzen dutenak, erasotzailea baztertuz, badira salatzen laguntzen dutenak, errespetu handiz jokatzen dutenak. Gehienak.
Gazteen artean, sexismoz beterik daudenak badira, eta lan asko dugu oraindik, baina badira estereotipo sexistekin apurtuz doazenak. Femenino eta maskulinoa izatea jendarte bakoitzak eraikitzen duen eredu bat dela ulertu eta aldatuz doazenak.
Gero eta ohikoagoa da sexu berekoak gustuko dituen batek klasean esatean, gehienen aldetik inolako erreakzio berezirik ez ematea, hau da, naturaltasunez hartzea bakoitzaren gustua. Jarrera homofoboren bat egonez gero, esaten duenari kasu gutxi eta harro sentitzea, aldaketa handia da ere.
Ditugun gaitzak ezin ditugu ahaztu, baina jarrera positiboa duen jendea gero eta ugariagoa da, eta hori baloratu behar dugu benetako argazkia izateko eta lanerako ildoak erabakitzeko; erasotzaileen kontra borrokatu edo lanketa bidez ezagutza, ulermena eta errespetua areagotu?
Eraso eta baztertze jarrera dutenek zarata asko sartzen dute, baina askoz gehiago gara sexualitateak duen aniztasuna ulertu eta onartzen dugunok. Ez etsi!