Maiatzaren 28a Hilekoaren Osasun Eguna da. Azken asteetan hilekoak sor dezakeen minaren inguruan eztabaida sutsuak piztu dira, horietako asko hilekoa inoiz izan ez dutenen aldetik. Edonork hitz egin dezake gai honetaz, besteetaz bezala, baina inork ez luke zalantzan jarri beharko beste gizaki baten mina, ezinezkoa duelako besteak sentitzen duena bizitzea; beraz, onena besteak sentitzen duena ulertzeko ariketa egitea litzateke.
Hilekoaren aurrean dugun ezagutza falta itzela da. Zenbatetan hitz egiten dugu gure hilekoaren prozesuaz? Zenbatetan jaso dugu honen inguruko formazioa prozesua ulertu eta onartzeko? Zenbatetan alde onak eta txarrak orekatuz? Zenbatetan hilekoa ez dutenekin bizi duguna partekatu?...
Munduko herritarren erdien gorputzean emango diren zikloak ezagutzea ezinbestekoa da, hortik hasiko baita zaintza propioa eta besteek eskaini dezaketena.
Hilekoaren Osasuna, hilekorako eta higienerako erabili daitezkeen produktuetaz gain, ongizatearekin, genero-berdintasunarekin, hezkuntzarekin eta nesken eta emakume nerabeen ahalduntzearekin eta haien eskubideekin lotzen duten beste faktore batzuk hartzen ditu. Ezin ahaztu emakume sentitu gabe, hilekoa duten pertsonak ere.
Hilekoaren eskubideek, hilekoaren bizipen informatua, osasungarria, duina, eta estigmatizaziorik, gabeziarik edo diskriminaziorik gabea bermatu behar dute. Hau ez dela betetzen jakina da.
Ikasleen artean hilekoaren aurrean beldurra sumatzen dugu. Zergatik? Duten informazioa ez delako egokia eta behin eta berriz mina sentituko dutela transmititzen zaielako, nahiz eta arruntena minik ez sentitzea den, informazio egoki baten faltan.
Nola bizi dezake pertsona batek naturaltasunez bere gorputzaren garapena baldin eta gertatuko zaiona gertatu aurretik zikin badago? Nola batzuen bizipen negatiboak direnak egia orokorrak bihurtzen baditugu?...
Horregatik, alde batetik, ezinbestekoa da hilekoaren eskubideak lantzea. Ezagutu behar dira betetzen ez direnean ohartu eta beharreko pausuak eman ahal izateko.
Bestetik, hilekoaren zikloa irakatsi behar da, modu erreal eta objektiboan; guztiei, ez soilik neskei. Bakoitzaren sentsazioak eta bizipenak subjektiboak izango dira, eta horiek nabarmendu behar dira, lehen pertsonan partekatu, baina orokortu gabe. Prozesuaren naturaltasuna naturalizatu behar dugu.
Hau guztia egin behar dugu, jendarte osoan, hezkuntza eta familia eremuetatik hasita eta beste guztietara zabalduz (kirol taldeak, lantokiak…).
Egin diezaiogun aurre erronka honi!