Uler gaitezen

Arg: Pixabay

"Inori ez diogu esango zer sentitu edo zer egin behar duen. Bakoitzak bere bidea egin dezan baliabideak jorratzen laguntzea dugu helburu"

Sexualitatearekin zerikusia duten gaiek jarrera ezberdinak sortzen dituzte. Allport-ek zioenez, "jarrera esperientziaren bidez antolatutako xedapen mentala da, eta eragina du gure erantzunean". Guztiok izan ditugu sexualitatearekin harremanduriko bizipenak, izaki sexudunak garelako. Bizipen horiek hainbat eta hainbat emozio, sentsazio eta sentimendu sortaraziko dituzte, eta gure barrenak astinduko dituzte. Sentsazio atseginak, ondoeza, lotsa, errua, bizipoza, plazera… eta bizipen horien balorazio mentala egingo dugu. Horrek gai, egoera edo gertakari horren inguruan jarrera bat sortuko du, eta egoera zehatz batetik sortutako jarrera beste batzuetara zabalduko dugu, etorkizuneko erantzunak baldintzatuz.

Gure jarrerak eta horietarako argudioak erlijioan, politikan edota osasun-irizpidetan oinarriturik daudenean "normal-ez normal" parametroetan mugituko dira, eta honen arabera aldarrikatuak eta baimenduta ala debekatuta egongo dira. "Arau jarrerak" bezala ezagutuko ditugu.

Gure argudioek emozio biziekin lotura estua dutenean, eraso-defentsa parametroetan mugitu daitezke. Norbait erasotua sentitzen denean edo eskubideak urratuak, zapaldua, bere sinesmenen kontrako ekintzak ikustean…, hori aldatzeko borroka egingo du. Ideologia edota sinesmen batzuen alde egotea dakar, eta ondorioz beste batzuen kontra. "Borroka jarrerak" dira hauek.

Azkenik, "Ulertze jarrerak" ditugu. Hauetan, nahiz eta bestearen iritzi edo jokaerarekin ados ez egon, ulertzen saiatuko gara. Enpatia erabiliko dugu, bere errealitatera hurbilduko gara. Lanketa horren emaitzak ez du zertan adostasun osoa izan behar, baina elkar-ulertze puntuak topatzeko aukera eskainiko digun jarrera mota bakarra da.

Jarrera mota guztiak dira beharrezkoak zenbait unetan, argi baitago borrokarik gabe eskubide asko ez genituela izango. Eskubide horiek bermatzeko arauak ezinbestekoak dira, tamalez, sexualitateak eskaintzen digun aniztasuna onartu eta errespetatzeko zailtasun handiak ditugulako, baina hauek guztiek bide motza izango dute elkar ulertzea lantzen ez badugu.

Gurean "Borroka jarreren" adibideak ohikoak dira, zeinetan beste batzuen eskubideen kontra egiten den (haurdunaldia eten egitera doanaren aurrean jarri, LGTBIQ+ kolektiboen kontrako pintadak, Sexuen Heziketan ari garenon kontrako "pin-parentala" edo salatze eskutitzak..)

Emaizen "Ulertze jarrera" oinarri egiten dugu lan, bakoitza ulertuz eta ondo sentitu dadin bere burua ezagutu, ulertu eta modu positiboan adierazten ikasten lagunduz.

Inori ez diogu esango zer sentitu edo zer egin behar duen. Bakoitzak bere bidea egin dezan baliabideak jorratzen laguntzea dugu helburu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago