Gazi-gozoetan, gozoak eraikiz

"Desberdintasunaren errespetuan hezten baditugu haur eta gazteak, bide onetik joango gara"

Gure lana sentsazio gazi-gozoz beterikoa izaten da, eta honek zenbait buruhauste eta ondoez une sortzen dizkigu; gure helburua zein den eta lortzen ari ote garen hausnartzera eramaten gaitu.

Sexuen Heziketa saioetan feminismoaren kontrako hitz gogorrak entzuten ditugu gutxi batzuen ahotan, argudio gutxiko erasoak eta datuekin erraz argitzekoak. Hala balitz, kezka handirik ez. Baina sumatu gabe ultraeskuindarren diskurtsoa barneratzen ari dira, besteak beste, zenbait youtuberren bitartez. Gazte hauen diskurtsoa berdintasunaren aldekoa da, eta, aldi berean, feminazi deitu, legea gizonen kontra dagoela, indarkeria matxistagatik salaketa gehienak faltsuak direla, homosexual gehiegi daudela… eta halakoekin sinestuta dute. Guztiz kontrajarriak dira bi bideak.

Saio batean transexualitateaz aritzea eskatu zuten, bertan trantsizioa egiten ari den mutil batekin, eta laguna kezkaturik entzundako gauza mingarriekin. Halako hitzak, gehienak behintzat, mutil zakildunek esaten dituzte. Nerabezaroan identitate, nortasun eta leku bila dabiltza, eta, zoritxarrez, erreferente anitzagoak baditugu ere, maskulinitate eta feminitate eredu estuetan oinarrituz jarraitzen dugu, eta maskulinitate ez heteronormatiboak kanpo geratzen dira erraz.

Pornografiaren inguruko hitzaldia egin dugu bi leku ezberdinetan egun hauetan. Publiko ezberdina, baina gure ikuspuntua eta argudioak berdinak izanez, sentsazioak ez du zerikusirik izan. Batean jendea hausnarkor, gako erabilgarriekin eta pozik atera den bitartean, bestean gure proposamenak zauriak ireki eta tentsioa sortu du, gutaz ikuspuntu deuseztatzailea esperoan agian.

Egoera eta jarrera erradikal hauek ondoeza sortzen digute, gureak fruituak eman ote dituen pentsarazten digu, eta batzuei helduz amore emango genuke. Begirada zabalduz, ordea, duela urte batzuk jarrera matxistak, homofoboak eta ziurrenik transfoboak, nahiz eta gai honetaz ez zen hitz egiten, zituztenak askoz gehiago ziren eta gutxiago aniztasunari errespetua azaltzen ziotenak. Gaur egun errespetu jarrera pila bat dugu egunero. Guztiok batera, sexologook, familiek, irakasleek, eragile sozialek… desberdintasunaren errespetuan hezten baditugu haur eta gazteak, bide onetik joango gara eta egoera desatsegin hauek murriztuz joango dira.

Hori bai, ez dezagun sinistu dena irabazita dugunik berdintasunaren alde eta diskriminazioaren kontrako legeak ditugulako, horrek errealitatea desitxuratu egiten duelako. Sexuen Heziketa areagotzea ezinbestekoa da elkarrekin aritu eta ulertzeko; legeak paperean daude, gu etxean, klasean, kalean… Eta hor jokatzen da bizitza.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago