Askatasun bidea ote?

Erabiltzailearen aurpegia
Emakumearentzako jostailu sexualen merkatua nabarmen hazi da. / Lelo

"Klitoria gu ez garen beste zerbaitek estimulatu behar duela esaten digute berriz ere"

Mendeetan zehar emakumeoi gozamena ukatu zaigu, eta baimendu egin zaigunean gizon batek eraginda izatea ezinbestekoa izan da. Hau uste baino gutxiago aldatu da, zakilaren sarketan daudelako gozamenerako itxaropenak gaur egun ere. Hala ere, onartu behar da, aurrepausu batzuk eman ditugula eta emakumeon gozamenean masturbazioa indartsu agertu dela azken urteotan. Masturbazioa ez da hamarkada honetan agertu, noski, gizakiok bezain zaharra baita; bai ordea publikoki hartu duen dimentsioa.

Kontsoladore bezala ezagututako zakil itxurako jostailuak zaharrak dira eta emakume batek zakila behar duen ideia azpimarratu dute beti; benetakoa izan ezean, gezurrezkoarekin moldatu behar. Hauek sex-shop dendetan daude salgai aspaldidanik, eta emakume asko ez ziren sartzera ausartzen, deseroso sentituta sartuz gero, bezero askoren begiradek beste produktu baten modura begiratzen baitzituzten.

Online dendekin, eremu erosoagoak sortu dira eta asko izan dira bere jakinmina asetzeko webgune horietara jo duten emakumeak. Zakiletaz gain, bestelako produktu eta jostailuak ezagutu eta erosteko aukera izan dute, berauen lotsa, deserosotasuna eta gizartearen etiketak ekidinez.

"Gure esku dago hain zuzen, gure hatzamarretan, gure azalean, gure mugimenduetan"

Honek guztiak, ostera, emakumeon gozamenaren ideia desegokia berresten du behin eta berriz: plazera sentitzeko zerbaiten edota norbaiten beharra dugula, gu geu ez garela nahikoa.

Eta ideia bera islatzen dute azken urteetan indarrez zabaldu diren klitori xurgatzaileek. Klitoriaren sentsibilitatea aldarrikatu eta gozamen iturri gisa balioan jarri dute, baina klitoria gu ez garen beste zerbaitek estimulatu behar duela esaten digute berriz ere, plazera gure esku egongo ez balitz bezala. Gozatzeko eskubidea onartua izan digute, ez ordea gure eskuetan dagoenik. Eta gure esku dago hain zuzen, gure hatzamarretan, gure azalean, gure mugimenduetan…

Klitori xurgatzaileen merkatuak gora egin duela ikusi eta denda kate oso ezagun batek (denda erotikoa ez dena, denetarik eros daiteke bertan) salmentan jarri du horietako bat. Gure erotika eta gozamenerako eskubidea agerian da, baina honetan ere diru iturria dago, eta kontsumoa guztiaren gainetik jartzen duen gure jendarte honetan, gure plazera, gure zimurrek etekina eman dezaketela ohartu eta horren bila doaz orain.

Jostailu erotikoen erabilera desioan oinarritu beharko litzateke, zertarako eta zergatik erabili nahi ditugun argi izan. Gure sexu askatasuna kontsumora lotuz gero, ez gara libre.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide