Neskatoaren gaileta

Arg: Pixabay

"Aurrekoan osabak gaileta jan nahi ziola esan eta berak ezetz, gaizki sentitu eta irakasleari kontatu zion"

"Osabak nire gaileta jan nahi zuela esan zidan aurrekoan", esan zion neskato batek irakasleari eta honek gauzak partekatzea ondo dagoela erantzun zion. Neskatoak gaileta zuen, arropa azpian gordeta zeraman eta ez zion inori erakusten, ez baitzuen besteek hartzea nahi. Gaileta hori berezia zen berarentzat, berea zelako maite zuen eta bakarrik zegoenean soilik begiratzen zuen eta hartaz gozatu ere.

Txikitandik entzunda zuen gaileta hitza, hala izendatzen baitzuten gurasoek eta hala deitzen zion berak ere. Osabaren etxera lotara joatea gustuko zuen txikitan, osabak gaileta ukitu nahi zuela esan eta berak ukitzen uzten zion. Beraien arteko jokotxoa zen. Denbora aurrera joan ahala, jokoa areagotu egin zen, gehiagotan osabarekin lotara joan eta gehiagotan gaileta ukitzen utzi. Baina berak ez zuen beti horretara jolastu nahi, egia esanda, joko hori ez zitzaion atsegina suertatzen jada, baina osaba tematu egiten zen eta berak etsi.

Aurrekoan osabak gaileta jan nahi ziola esan eta berak ezetz, gaizki sentitu eta irakasleari kontatu zion. Baina honek konpartitzea ona dela esan eta ez zion garrantzia gehiagorik eman. Neskatoa zer egin jakin barik geratu zen. Irakaslea konfiantzazkoa zen, tipo jatorra, zentzuduna eta beti laguntzeko prest. Oraingoan laguntza gehiagorik ematen ez bazion, beharrezkoa ez zelako izango zela pentsatu zuen.

Lagunekin jolasten hasi zen neskatoa, baina burumakur eta goibel, gailetaren kontuak kezkatuta zuen eta lagunei kontatzea erabaki zuen. Hasieran, lagunek irakaslearen jarrera berbera izan zuten, motots gorridunak zera galdetu zuen arte:

-Non duzu gordeta gaileta berezi hori?

- Hanken artean.

- Zergatik gordetzen duzu hor? Ez duzu jan nahi?

-Ez dut nik gorde, txikitatik dago hor. Zuek ez duzue gaileta hanken artean? Amak guztiek dugula esan zidan behin…

-Nik hanken artean alua dut. Eta Zuriñek, Amaiak, Olatzek… guk denek alua dugu, ez gaileta.

Beraien hankartekoak elkar erakutsi eta denek antzeko gorputz atala zutela ikusi zuten.

-Hau alua deitzen da, ez gaileta- esan zuen Eiderrek.

Neskatoak irakaslearengana jo zuen eta osabak alua jan nahi ziola kontatu zion. Orduan bai, irakasleak osabaren jokaera geldiarazteko eta neskak behar zuen laguntza guztia emateko pausuak ematen hasi zen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago