Mundu osoko milioika emakumek hilekorako erabilera bakarreko produktuak botatzen ditugu hilero, zabortegietan edo ozeanoetan amaitzen dutenak, eta urteak behar izaten dituzte desagertzeko. Produktu horiek petrolioaren deribatuez eta plastikoz eginak daude. Izan ere, Ecofemme erakundeak dioenez, batez beste, behin erabiltzeko konpresa bat plastikozko lau poltsaren baliokidea da. Horri gehitu behar zaizkio fabrikazioan sartu eta larruazala zuzenean ukitzen duten kimikoak.
Asko gara kontsumo ohiturak aldatzen ari garenak, gure osasuna eta lurrarena aldi berean zaindu nahian, eta ikuspegi hau hilero bizi dugun prozesu naturalarekin txertatzeak onurak besterik ez ditu ekarriko.
Zer "Zero zabor" aukera dago barrutik jario den odolerako?
1. Hilekoaren kopa: kopa itxura duen ontzitxoa da. Berrerabili egiten da, hamar urte irauten du eta hilero milioika tanpoi eta konpresa aurrezten dira, bai dirutan, baita hondakin moduan ere. Silikonaz eginda daudenez, hipoalergenikoak dira, ez dute baginako PHa oztopatzen, ez daude LSOarekin lotuta (Shock Toxikoaren Sindromea) eta ez dute usain txarrik sortzen. Hamabi ordu eraman dezakezu. Kirola egiteko zein uretan aritzeko aproposa da, baita lo egiteko ere. Hasierako erabilera ez da beti erraza izaten, baina behin trikimailua hartuta, oso erosoa da.
2. Oihalezko konpresak: oihalezko pieza hauek kotoizkoak hobe. Odola xurgatzeko balio dute, baina, zakarrontzira bota ordez, garbitu eta berriro erabiltzekoak. Urteak iraungo dute eta diru eta hondakin mordoa aurreztuko duzu. Erositako batekin proba dezakezu edo zuk zeuk egin.
3. Kulero xurgatzaileak: nahiko ezezagunak oraindik, baina gutxi barru zuetako askok izango dituzue. Mota desberdin ugari daude (tanga, kulero tradizionalak, kirolerako pentsatuak, etab.) eta oro har, likraz eginak daude. Material xurgatzailea izaten dute erdigunean, eta, oihalezko konpresak bezala, gero garbitu egin behar dituzu berriro erabili ahal izateko. Urteak irauten dute. Odol fluxuaren arabera, koparekin batera erabil daitezke, lasaiago sentituz, slip-babesaren erabilera aurreztuz.
4. Itsas belakiak: baginan jartzen dira, tanpoia bezala, eta betetzean argitu egiten dira berriro jartzeko. Erabat naturalak, biodegradagarriak eta berrerabilgarriak dira. Kontuz! Badira helburu bera duten belaki sintetikoak, baina ez dira naturalak eta berrerabilgarriak.
5. Odol-jario askea: hilekoaren fluxua jaso edo xurgatzeko produkturik ez erabiltzean datza. Zure gorputzak noiz "ebakuatuko" duen ikas dezakezu. Zalantzarik gabe, oso aukera interesgarria da, baina aldez aurretik lana eta entrenamendua behar ditu. Sareetan zein liburuetan informazio gehiago irakur dezakezue honi ekiteko gogoz bazaudete.
Animatu eta zu ere "Zero zabor"-aren alde jarri!