Transexualitatea azken hamarkadako "fenomenoa" dela diote eta Sexuen Heziketa-ren eraginez sortu den ondorio ezkorra dela egozten digute sexologoi. Jakin badakigu, ostera, mendeetan eta mundu guztian zehar eman den egoera dela, gizaki sexudun izatearen errealitatea baita. Gurean orain arte sexuak bitan banandu ditugu genitalen arabera, eta pertsona guztiak bi kajoi horietan sartzen saiatu.
Munduan zehar, ordea, badira bestela jokatu duten jendarteak hirugarren sexua modu ezberdinetan onartuz: Omaneko Xanithak eta Navajoen Nadleak genero rolen bitartez, Ameriketako Jurgi eta Pima herriek sexua aukeratzeko erritualak eginez, Artikoko Chukcheek sentitutako sexua lortzeko hiru pausuko prozesuaz, Indiako Hegoaldeko Yellamma jainkosak deituriko pertsonak direla ustez, etb.
Beste askotan, zoritxarrez, transexualitate egoeran egon diren pertsonen askatasuna zapalduz eta eskubideak urratuz saiatu gara kudeatzen.
Historian hainbat adibide daude. Heliogabalo enperadorea bost aldiz ezkondu zen, azkena Hierokles izeneko morroiarekin. Homosexualtzat hartu zuten, baina genitalen kirurgia egiteko txanpon mordoa eskaini zituen 222. urtean, nahiz eta garaiko medikuntzak zirkunzisio antzekoa baino ez zion eskaini.
Jan Morris idazlea zakilarekin jaio eta mutil bezala bizi izan zen 40 urte baino gehiago. 23 urte zituenean Elizabeth Tucknissekin ezkondu eta bost seme-alaba izan zituzten. 1960an tratamendu hormonalarekin hasi eta 1972an berak behar zuen emakume itxura lortzeko ebakuntza egin zuen. Estatuak bikotea banatzeko agindu zuen, bi emakume ezin zirelako ezkonduta egon. Egoera legala aldatu, baina bikoteak elkarrekin jarraitu zuen.
Eta ezin ahaztu Katalina de Erauso izenaz jaio eta Antonio de Erauso gisa hil zen euskalduna. 15 urterekin komentutik ihes egin eta garaiko gizon arropa eta izena erabiliz leku batetik bestera ibili zen. 1619an alferez kargua lortu zuen soldadu zebilela. 1623an Perun atxilotua izan zen eta han aitortu zuen emakumea zela (biologikoki). Felipe IVak "alferez moja" deitu eta gizonezko izena erabiltzea baimendu zion. Pentsatu ohi zen gizonezko arropa eta izenak ihes egin eta borrokan ibiltzeko erabili zituela, baina ezkutuan ez zenean ere, hala nahi izan zuen.
Adibide ugari eta istorio latzak daude, baina fokua, ordea, alde positiboan jarri nahi dugu, eta Aingeru Mayorren Tránsitos liburua irakurtzea gomendatzen dizuegu. Oraingo 25 gurasoen kontakizunaren bitartez transexualitate egoera zer den ikasi, trantsizioa ulertu eta pertsona guztientzako askatasun bidea irekiz joan, gizaki sexudun izateko hamaika modu daudelako, pertsona bezain beste.