Ikasturte berri honetan Covid-19ari aurre egiteko neurriak ezarri eta betearazteko erronka itzela da.
Helburu hau betetzeak, ordea, bestelako alorrak baztertzearen arriskua du eta ikasgai finkoak ez diren horiek, "berezi" bezala antolatzen direnak, landu gabe gera daitezke ikasleen ongizaterako ezinbestekoak badira ere. Sexuen Heziketa arriskuan egon daiteke.
Sexuen Heziketaren bidez gorputza ezagutu, maitatu eta zaintzeko baliabideak jorratzen ditugu. Covid-19a maneiatzeaz gain, beren bizitzan zehar bestelako birus eta bakteriak ekiditen ikasiko dute (GIBa, sifilisa, gonorrea…).
Sexuen Heziketak errespetuzko harremanak sustatzen ditu, elkarzaintza. Oraingo egoeran garrantzitsua bada, garrantzia bera izango du ondoren. Errespetatu eta zaindu, ez soilik birus bat dagoelako, baizik eta pertsona guztiek hori merezi dugulako, gure adin, azal kolore, identitate eta egoera edozein izanda ere.
Emozioak ezagutu, onartu eta azaltzeko baliabideak jorratuko ditugu. Guztiek oinarrizko emozioak partekatzen ditugu. Hauetaz ohartu eta kudeatzen ikasiz gero, egoera ezberdinetan kudeatzeko gai izango gara. Isolamenduak frustrazioa eta tristura sorrarazi die batzuei, beste batzuk lasai eta pozik egon diren bitartean. Eta gehienek emozio ezberdin guztietarako momentuak izan dituzte
Oraingo tristura kudeatzen ikasteak beste une tristeetan ateratzen jakitea dakar. Oraingo "ez" horiek sortu duten frustrazioa gainditzen ikasteak, gustuko norbaiten "ezetzaren" aurreko frustrazioa gainditzen eta errespetatzen lagunduko die, egoerak etengabe egoera berrietara moldatzea ekarri digu eta beraien gorputzean emango diren aldaketei eta bestelako egoera berriei modu positiboan erantzuten ikasteko baliabideak eman ahal dizkie.
Sexuen Heziketak pertsona modu integralean hartzen du, gorputza oinarri izanik. Gorputzaren funtzionamendua, zergatiak eta aldaketak, sorrarazten dizkigun sentsazio eta emozioak, gure gorputzarekin dugun harremana eta horri lotutako auto-estimua, gure eta besteen gorputzari diogun errespetua… hori guztia jorratzen du Sexuen Heziketak.
Pandemia hau pasako da, zailtasun berriak sortuko direlarik. Gaurko ume eta gazteek aurre egin beharko diete horiei eta bitartean gorputzetan aldaketak izango dituzte, maiteminduko dira, ezezkoak eta baiezkoak jasoko dituzte, besteekiko errespetua beharko dute eta horri guztiari diren pertsonaren arabera erantzungo diote, bere identitate, emozio, auto-estimu eta harreman osasuntsuetarako gaitasunaren arabera.
Ikasleen osasun integralerako ezinbestekoa da Sexuen Heziketa.