Gure egunerokotasun arruntean presaz josiak ibili ohi gara eta egunean zehar gure gorputzari kasu egiteko hamaika aukera oharkabean pasatzen uzten ditugu. Oraingoan egoerak geldiarazi gaitu, eta zailtasunen artean aukerak bilatzea dagokigu. Denbora betetzeko milaka proposamen jasotzen ari gara sareen bidez, baina ohikoak diren gauzei merezi duten denbora dedikatzeko baliatu dezakegu, baita ere.
Etxean egotean lo arropa kendu eta higienea mantentzeak sekulako garrantzia du gorputza astindu, besteontzako konpainia atsegina izateko eta gu geu ondo sentitzeko. Dutxa lasai har dezakegu gehienok, ez dugulako inora joan behar. Tarte luzeagoa har dezakegu eta uraren tenperatura sumatu, xaboia astiro zabaldu, azala leunki ukituz eta amaitzean olio edo kremaren baten laztan gozoa hartzeko aprobetxa dezakegu.
Jarduera fisikoa ere beharko dugu, aktibitate beharra eta egoerak sortutako emozio kontrajarriak bideratzeko. Askok kirola egiten dugu urtean zehar, baina korrika goaz korrika egitera, korrika yogara, korrika igeri egitera... Beti korrika eta azkar.
Egunotan guk aukeratu dezakegu, gure gogoen arabera kirola noiz egin, zenbat denbora egin eta dauzkagun aukeren artean (etxeko aparatuak, pisuak edo arroz paketeak, zumba, pilates, bakarka edo senitartekoekin...) gustukoena aukeratuz.
Gutxitan entzuten dugu gure gorputzak behar duena, eta gure agendaren araberako ekintza fisikoak egiten ditugu. Oraingoan, ordea, badugu tartea barruan dugunaren araberako ekintzak antolatzeko; eta horrek egundoko ongizatea eskainiko digu.
Eta ezin ahaztu, baita ere, plazerarentzako aukera paregabea dugula. Banaka zein bikote harreman erotikoak askotan erlojuaren araberakoak dira, presazkoak, eta bidean senti dezakegun plazera azkar pasaz, helburu izaten dugun orgasmoan jartzen dugu fokua. Denbora kudeaketa berezia egiten ari garen honetan, orgasmoak ez ezik, plazerari dagokion lekua emateko aukera dugu. Sentitu, usaindu, irudikatu, entzun, gorputz txoko guztietan erreparatu, sentsazio bakoitzean murgildu...
Oraingoan ohikoa den "ez dut denborarik" edota "leher eginda nago" esan ordez, gure gorputzari baiezko biribila emango bagenio?
Zaindu gaitezen modu kolektiboan eta zaindu gaitezen modu indibidualean gorputza ere zainduz, maitatuz eta atsegina sentituz, dena hobea izango delako!