Egun on, alu!

"Gure genitalak aintzat ez hartzeak gure bizitzako eremu askotan izango du eragina"

Zenbait ikerketek diotenez, gorputz atal guztiek haien isla dute gure garunean eta gorputz errepresentazio horrek atal bakoitzaren aktibitate maila eta berataz dugun kontzientzia maila adierazten du. Hau dela eta, gehiengoen kasuan eskuak modu biziagoan islatuak daude, baina piano-jole baten kasuan oraindik gehiago, adibidez.

Kuriosoa da, edo agian ez hainbeste, genitalek duten errepresentazio maila txikia. Konexio hau ez da sortzen gorputz atal horien erabileragatik bakarrik; beraz, nahiz eta egunero txiza egiteko zein joko erotikoren baterako erabil ditzakegun, errepresentazioa txikia izan daiteke. Zergatik? Errepresentazio hori gorputz atal horrekin dugun harremanaren arabera moldatuz doalako; beraz, zakila duten pertsonek bere genitalen marrazkia handiago dute garunean islaturik txikitandik, egunero naturaltasunez zakila ikusi, ukitu eta aipatu egiten dutelako txiza egiterakoan, biluztean zein dutxatzean. Horrek neuronen konexio gehiago sortuko ditu eta ondorioz, gorputz atal kontzienteago bat bezala hautemango du.

Aluaren kasuan, aldiz, txikitandik izengabeko atala izan da gehienontzat, eta... izenik ez duenak, ba al du izanik? Izana badu, baina izendatu ez, ikusteko zaila eta ukitu edota begiratzea ausardia eta zakartzat hartua denean, neurona konexio horiek sortzea ia ezinezkoa izango da eta gure alua ez dugu beste atalak bezain aintzat hartuko. Zakilak, gehienetan, alua baino errepresentazio handiagoa badu ere, mugak ditu, zenbait ekintza egiteko tresna gisa hautematen dugulako, bere funtzionamendu eta egoeran erreparatu gabe, nahi dugun tentetzea lortzen ez dugunean salbu.

Gure genitalak aintzat ez hartzeak gure bizitzako eremu askotan izango du eragina. Ikastetxean ikasi beharreko zenbait ikasgai eta azalpenen aurrean nazka, gorputz funtzionamenduaren ezjakintasuna, gure prozesu ziklikoen baztertzea, hilekoaren odola, tanpoi, kopa... erabiltzeko orduan beldurra; zakilak behar duen higiene egokia ematea, gozatzeko orduan kanpotik datorkigun eskema eta gureak ez diren beharretara egokitzeko joera,... finean, gorputza bere osotasunean ez onartzeak dakarren guztian.

Genitalak ezagutu, ukitu eta bere beharrez ohartzean, gure kontzientzia handitu eta gure neuronen arteko konexio berriak sortaraziko ditugu, gorputz atal hauetan arreta handiagoa jartzen lagunduko digu eta bere osasuna zainduko dugu, bestelako ataletakoa zaintzen dugun moduan. Komunikatu zuen genitalekin eta galde iezaiezue zer behar duten!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago