Emakumeon sexualitatearekin zerikusia duen guztiak kutsu negatiboa izan du historikoki eta ezkutatu beharrekoa izan da. Aurrerapauso handiak eman ditugu gure gorputza ezagutzen eta gure gozamena aldarrikatzen. Horren barruan azken urteetan emakumeon zikloen ezagutzan oinarritutako mugimendua indartsu ari da pizten.
Hilerokoa gaixotasun gisa edota kutsakor bihurtzen gaituen ondoeza bezala hartua izan da maiz. Adinduak garenok mahonesa moztu, landareak zimeldu, ezin dutxatu eta txarribodan ezin genuela parte hartu entzun dugu, ezta? Horiek egin eta ez dela ezer gertatzen agerian utziz ideia oker hauek baztertu ditugu. Horrek ordea ez ditu gure zikloek ematen dizkiguten aukerak adierazi, eta horretarako gaur egun gure natura entzun eta ezagutzeko aukerak eskaintzen zaizkigu.
Gure zikloen artean, menopausiaren zikloa dugu, eta hilekoaz gauza on gutxi kontatu badizkigute, zer esanik ez menopausiaz. Menopausia hilekoaren desagerpena da, eta horren inguruan mezu gutxi eta ezkorrak jaso ditugu. Ugaltzeko gaitasuna galtzearekin batera, zahartzea, desio jaitsiera, bagina lehorra eta emozio desoreka omen dator. Ugalketa, gaztetasuna, erotikoki aktiboak, koitorako prest eta emozionalki orekatuak izan behar gara gutaz espero dena betetzeko, eta hau aldatzen doanean gure baliogabetzea datorrela uste da.
Perimenopausia 5-10 urteko aldaketa prozesua da. Sofokoak dira sintoma ezagunena, lehen aipatutako desio jaitsiera, bagina lehorra eta emozio desorekarekin batera. Emakume bakoitzak modu ezberdinean biziko ditu eta batzuentzako desatseginak izango dira, beste batzuk gutxi nabarituko dituzten bitartean, eta emakume horrek hobe sentitzeko laguntza nahiko balu, aukerak badira. Ziklo honetan kontatu ez dizkiguten gauza positiboak gertatzen dira baita ere; horietako bat emakumeok fokoa gugan jartzen dugula da. Biologikoki (eta kulturalki) besteon beharretara begira egoteko joera dugu, eta ugaltzeko gaitasuna desagertzearekin batera, fokoa besteengandik gugana biratzen dugu. Gure behar eta desioak neurri handiagoan hartzen ditugu aintzat, eta horrek gure harremanetan jokaera aldaketa dakar, muga argiagoak jarriz eta gu ondo sentitzeko behar ditugunak eskatuz.
Hortaz, gure bizitzako bigarren aroa modu oparoan bizitzeko bide berriak irekiko ditugu, baita erotikoki gozatzeko modu berriak bilatzeko ere. Menopausia ez da amaiera, hasiera berria baizik.