PrPE pilula

Izurritearen hedapena gelditzeko pausua da hiesaren prebentziorako pilula.

Azaroaren 1etik aurrera hiesaren birusaren prebentziorako pilula (PrEP) eskainiko zaie "arrisku talde" barnean kontsideratuak dauden pertsonei: gizonezkoekin harreman erotikoak dituzten gizonei, transexual eta langile sexualei. 
Hauek arrisku taldeak dira infekzio portzentaje altuagoa ematen delako beraien artean; honek, ordea, ez du esan nahi kolektibo horietako guztiak arriskuan daudenik, ezta beste taldeetakoak libre daudenik ere. Zintzoak izanik, "arrisku praktiketak" esan beharko genituzke, nork baino, zer eta nola egiten den duelako garrantzia. Aipatutako taldeetan praktika arriskutsuak portzentaje altuagoan eman ohi dira eta ondorioz, infekzioak ere. 

PrEP pilula hartuta, hiesaren birusarekin kontaktua izatean ia erabateko arrakastarekin kutsatzea saihestuko du. PrEP hartzen dutenak ondorio latzenak dituen genital bidezko infekzioaren aurrean babestuta egongo dira, baina sifilis, gonorrea eta klamidia bezalakoek kondoia izango dute ezinbesteko babeserako baliabidea.

Medikamentu honen erabiltzaileek azterketa medikuak izango dituzte hartzen hasten direnean, ondorio ezkorren bat ematen den kontrolatzeko, eta ondoren hiru hilabetean behin. Modu honetan, hiesaren birusa ekiditea lortu dela ziurtatu eta bestelako infekzioren bat emango balitz azkar detektatuko eta beharrezko tratamendua jarriko litzateke beste pertsonei infektatzeko katea moztuz.

Pilula hau aspaldi eskaintzen ari dira beste leku batzuetan eta preserbatiboaren erabilera jaitsiko zuela aurreikusi zuten. Azken hamarkadatan hiesari beldurra kendu diogu eta kondoiaren erabilera jaitsi da, baina ez da frogatu pilularen erabilerarekin zerikusia duenik. Gurean egoera berdinean gaude, eta ez da pilula orain arte eman. Arriskua duten praktika erotikoak egiten dituztenek pilula hartzen badute kontrol mediku altua dute, lehen medikura joaten ez zirenak zerbitzura hurbilduko direlako.

Joko erotikoek gozatzeko eta elkarrekin plazera sentitzeko helburua dute eta arriskuak murrizteko eskura ditugun neurri guztiak jarri beharko genituzke martxan: preserbatiboa, hiesaren birusaren froga azkarra, PrEP pilula eta ahaztu ezin dugun baliabide eraginkorrena: sexuen heziketa.

Neurri hauekin guztiekin infektatuen kopurua murriztu eta egun hiesarekin bizi direnen kopurua handitzen ez jarraitzea lortuko dugu. Izurritearen hedapena gelditzeko pausua da PrEP

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago